ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ARRANTZALEEN ARRATS-OTOITZA
(VESPERALIA)

      (1931)

TXINPARTA-ERESIA
      (1934)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

BARRUNTZA-LEYOAN
(MAITE KANTA)

        Joakin Arana, Loramendi , 1932

 

 

Dilectus meus mihi, et ego illi, qui pascitur

inter illa. (Cant. 11-16).

Ene maitea neretzako, ta ni arentzako.

Onek jana lili tartean du.

 

Loak ar bitza, loak ar bitza gudozte-kantak.

Dunbots zakarrak beude gaurdanik ixilean.....

Zarata orde, otsera bitez biotz ormetan

lelo xamurak, argiz ez ezik, gau beltzean.

 

Erna bekio, zugaitz ill oni, kima berria;

loretu bedi maite oparen gar zurira.

Ta itzal goxoan aterpeturik, josiko ditut

adi sutsuak, orri ta loren intzirira.

 

Nora noake, maitasun eske, neregan baitet

ederrik oro berezko ditun Maitalea?

Nola nabilke, argi-zaletsu, barnen baitigart

sukar-miazka, kixkaltzen nauen su-labea?...

 

Oraindañoko ene begien lauso gorria!

Baren etxeko axolage ta lo-zorroa!

irten-sartuka, joran-izerdi, jarduki-eta

nabari ez nik, ate zai zegon usotxoa!...

 

Izpi-zorrozki, geziko al nau maitale orrek!

Lertuko al dit griña makurren gaitz-burua!

Maite-gelako ardantegian estu loturik,

moxkor nazala, natzaion gaurtik zoratua!

 

Uxa ditzala, oroitza zear digarozkidan

ekaitz-laño ta elur aurreko bekaizketak.

Ta ipar mearen ega zurira joko dizkiot,

amets gorritan, ernemin dauden maitaketak.

 

Badantzuizkiot, ixil bederen, barrun-barrunki...

bere mintzaren zurr-murru leun ta eresiak...

Ta aspaldi ontan laño-narakar nola ixuriko,

zor dizkiodan asperen-tanta bioztiak...

 

Bil nadin noizpait, ero galanta au, barren ontara.

Nagon geldixe biotz-leyoan tinkatuki,

maite pil-pilak daragitala jo ditzaiodan

espa biguin ta leya zorrotzak txinpartari...

 

Maite-aroan... lur maite-miñak garratx ninduten;

ez jan ez edan, arat-onata narabilten.

Biotz-kondoan kabitu ziran zale mirriñak

garai obeko azi gazteak il zituzten.

 

Larrutu zidan barren zugaitza eguzki-ezak;

pipi-gorriñak jan zizkioten kimatxoak...

Ta azala zear bidetu ziran txingurri beltzak,

bana-banaka, moztu zituzten goiko ostoak.

 

Migura baizik etzan ageri adar ertzetan;

beso zaintsuak, ezur iduri, sutarako.

Ta ilundi-loan lasaiki zetzan muxar gaixtoak,

begiz jo zitun bere sustraiak kabitako.

 

Beingo batean, ate-danbada entzun deritzat,

ta atera nintzan, giltza eskuan, an nor ote...

Ta idekitzean... ura bai zala maixtar bakoitza!...

Ondasun oro eskeñi zidan biotz-orde...

 

Sar zaitez, bada, erantzun nion, gela ontara...

Ortxen zaudeke zure gogora nai adiña.

Ta au entzutean zuzendu zidan argi-zirrara,

ene! neregan ikusi nuen loi-osiña!

 

Arrezkeroztik, ene aularen sendotasuna!

Arrezkeroztik, barren etxeko poz ta atsegin!...

Naiz laño egon zeru ta lurrak, enegan beti

enegan beti euzki-urrea dirdai-oztin!

 

Zabaldu zaizkit, noizbaitekoan, biotz-begiak;

noizbaitekoan upatu bai det maitalea.

Ta ikuste uts-utsez, bereixko balitz etxe ontatik,

bertantxe nuke zorigaitzaren zaztadea.

 

Beranduegi ai! zoritxarrez, ezagutu det;

beranduegi ate jokara naiz oartu...

Egunik egun biotz-atean noiz idekiko,

ta itxu beltz onek, muzin gaiztoan, ai! giltzatu!

 

Oraingo nere zentzu galduen itzari ona!

Oraingo nere begi lausoen ikusia!

Lengo edera, narda dakuste; narda, ordea,

emen litezken eder oroen iturria...

 

Emen dagotik, emen dagotik ene Maitea;

biotzak baitu sumatzen bere agerpena.

Zai dagokio, pozaren mende, noiz elduko-ote

sentzu guzien zorabio ta zoramena.

 

Auxe biotzen egon luze ta pilpil berdiña;

Auxe ixilaren adigarrizko jardun goxo!

Arantzak sartzen balizkit ere, nere biotzak

ezten zulotik, zorun berria gaur artuko.

 

Igortzi-leunka, euslari dauzkat bere besoak;

bere niniak, ene begien ur-ixpilu.

Ta argi jarioz dagizkidaken mintzo eztiak,

esker berri ta biotz jantzien edergailu.

 

Arnasa batek darabil gure bular-auspoa;

taupari berak biotz-unea pilpiratzen.

Ta udalen-lorak eguratsera liraken eran,

maite-larrosa muxuan zaigu gorrixtatzen.

 

Maitasun-izpiz urtuki dago nere gogoa;

zenbat jaramon, ainbat biotza goriago.

Ta argi-dirdaiak lilura duan txoriñoa lez,

galda zuritan, eguzki orri begi nago.

 

Mintzari baitet... mintza ni ere; ta ixil banendi,

laister lekarkit biotz-taupadak erantzuna.

Ta izpi-malutak joa bai nintzan, ernaratzen dit

barrun-mamiko xamur jarien leuntasuna...

 

Ta arreta luzez belarri nago bere mintzora,

ziñez dalako eztia bere jardunean.

Ta aize biguñak daragioten arrosa bik lez,

amets dagigu buruak gurka laztanean.

 

Ta ipar beltzera lore-pitxia barruntzen dan lez,

gure gogoa ekin gaiztora ximurtzen da.

Ta alkarri eutsiz, barruti ontan indartsu gera,

oro ta txistu, gain dan tartean gaitz-egada.

 

Nere bizia ezta nerea, berea baño;

Bera ordea nigan bizi zait bat egiñik.

 

Ta intxaur-adarrak, ez oi duten lez esnerik gabe,

nerez ez dakart jan-gai liraken zitu onik.

 

Bañan nerenaz ezin detana. Maite onekin

naya dan beste, une batean egiña da.

Oro dezaket beronekin bat; bañan au ezik,

bertatik nuke gaitzik latzenen zaparrada.

 

Maite dut, maite...; maite, egaztiak egadak aiña;

maite..., ilargiak kuku-igaria gauan beste...

Maite nau, maite...; maite, dirdaiak ispilua lez;

maite..., edertiak ume xaloak bezelaxe.

 

Ta argi-txintara elur-tantoak lerorzken eran,

araka darortz eguzkitara biotz-miñak.

Ta izpi-ureak damaien bidez, loretzen dira

aspaldi zurbil zirauten adar-kukuliñak.

 

Itxu-birari, aterea da xaguxar beltza,

euzki-zerrendak txoko illuna tink orduko.

Ta armiarmaren dantza-sareak dilindan dagerz,

itur-ariak euzki-ixlan baño diztiago.

 

Urre ta lore dirdari dago barren-etxea;

izar jantzirik, zutirik daude onbideak.

Ta agur-ereska makurtzen dira maite-aurrean,

gaurdaño ezin legozken zentzun gaizkileak.

 

Bizi berria txerta dit nere odol-zañetan;

ote ta arantzak larrosa zuriz pinpirinpin.

Ta arkoskopera labain zegion goi-esker-ura,

orain zugaitza muxuka ari da, leyar-oztin.

 

Ixil nadin da... bertan dantzuzkit, arrosa tarte,

urretxindoren xinta kixkur ta oroimenak.

Ta berartantxen, izpi-bustika, egati dauden

goi-uxotxoen papar-aleko asperenak.

 

Oro det izpi, oro det lore, oro det kanta;

ene gogoak ikusi baitu aldaketa!...

Gela ontara ene Maitea sar ezkeroztik,

biotz-ezurrak bai dute naiko loraketa.

 

Etorria zait, beronekintxe, ondasun oro;

berezko ditu asma litezken on-iturri...

Ta udaberriak azi gazteai demaizkien lez,

ene gogora esker-euriak dixurizki...

 

Ez al dit iñoiz iges egingo Maitale onek!

Ez al dut ai! nik, etxe ontatik, baztertuko!

Maite-aduak egingo al du, gu izan gaitezen,

bera neretzat ta ni osoro, beretzako!

 

Urtu dezala geroz geiago biotz-lausoa;

zabaldu bekit ezaguraren nini-izarra...

Ta alkar-izpien beroaz laixter urre-kuskuak

auts-antz nituzke, urrin-malutan, parra-parra.

 

Iñoiz ez al dit nagiak joko barren karnaba;

ez al du utziko, asita dagon xinta mea.

Egunik egun aituko al zait maite-leloan.

gozatu dedin irakas dion Maitalea.

 

Ta abesti orren oyarzunera, pizkor genuzke

maite-eguerdien egon luze ta bazkal-mintzo.

Ta arratsaldeak, izpi-euritan, lekarzkiguke

maite-koluxken izar zuri ta zorun-ardo...

 

© Joakin Arana, Loramendi    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa