ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ARRANTZALEEN ARRATS-OTOITZA
(VESPERALIA)

      (1931)

BARRUNTZA-LEYOAN
(MAITE KANTA)

      (1932)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

TXINPARTA-ERESIA

        Joakin Arana, Loramendi , 1934

 

 

Noletan zenezaken, enborra, zuk kanta,

begi-bihotzarentzat zinez ulerkaitz da.

 

Noiztik, bada, legoke norbait kantarako,

minaren min izarrak ikuski baitago?

 

Eresirik bai al du txoriak behinola,

miru beltzaren ihes, odol dariola?

 

Jolasean al dabil erbia larrean,

ehiztariak pum!.. jo-ta, erdi-hilik uztean?

 

Dantzarako al dago nonbait erleņoa,

ur-txirripak helduta narraz badijoa?

 

On litzaio norbaiti kantari haritza,

tximistaren dardaraz lurrera balitza?

 

Ondo legoke, bada, gariaren parra,

lehiaritsu baletor haize hegotan garra?

 

Izpi-muinik ba al du gauan ilargiak,

narda-hegan badabiltz bitarte hodeiak?

 

Benetan bai zerala, enborra, ulerkaitza,

harkaitz bizian dan lez loreti zuhaitza...

 

Zinetan zabilz nere barren-nahasterako,

izotz-txuntxurra eran eguzkira malko.

 

Zergatik zu, ordea, ez berdin zinaken,

adimen muxar honek ez dit harrapatzen:

 

neregandik datorkit hortara egina,

eresiaren orde sortzen zait zotina.

 

Gogo-nahaste hortara ez neike ni jarri,

malkorik ez ohi da-ta eztaian ikusi.

 

A'iskidea bazaitut, jolas-kantak hartu

'ta abesti-kunkunera zeurekin naukazu.

 

Min-hiletak baztertuz, alaiari eman,

zure kantaz nik ere gaur kanta dezadan.

 

Jolasean bazakust, ez bezat hor entzun

jario-gordinaren zuzmurru bat ilun.

 

Betozkit aringarri mintzaira bigunak,

uxatzera betozkit hodei beltz, astunak...

 

Kanta, enborra, kanta... txinpartak jaurtiki,

zure mingain gorriztak kurriz erabili.

 

Kantaria nagotzu aspaldi zure on,

min gorriaren minez naiz lehertuki egon;

 

kantaria nagotzu kanta pozgarria,

bihotzean dezazun berpiztu argia.

 

Begira nere garrak zein gora dagiten:

zenbat malkotsuago hainbat ditu igotzen.

 

Nahigabeak dakarkit kantarako indarra,

nahigabea da nere ereskai-aparra.

 

© Joakin Arana, Loramendi    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa