ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

PRESUNER OHIAK
      (1961)

PRIMADERA BIHOTZEAN
      (1962)

DOLOREZKO IZARRAK
      (1965)

AMODIO GALDUA
      (1969)

NORI EZ?
      (1971)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

GURE ETXEGIBELEKO HARITZA

        Manex Erdozaintzi-Etxart , 1960

 

 

Noizez gero landatua hintzen

Gure etxekoetan nihork ez zezaken erran.

Zenbat belaunaldi sortzen, pasatzen eta joaten

Ikusi hintuen hire enbor inguruan eta

Hire adar lodi zabalen itzalean

Gure etxekoetan nihork ez zezaken erran.

Ez eta ere zenbat ekaitz, haize bolada,

Harri erauntsi gaixto jasan eta garaitu hintuen

Gure etxekoetan nihork ez zezaken kunda.

Aita zenak bakarrik zioian

Gure etxea hondatzetik

Anitz aldiz salbatu huela...

 

Gure etxegibeleko haritza

Gure haur denborako josteta, irri eta nigarren

Lekuko ixila

Eta gure ametsen

Hazle emankorra

Gure eremua

Gure sor lekua

Nola ahantziko diagu hire besoen segurantzia

Hire neurrien oparotasuna

Gora eta zabal

Menditik hiri begira

 

Xoratuak

Ixil-ixila egoten ginelarik, ixil-ixila

Hiri begira

Hi, gure amets iheskorren ohantzea

Nola ahantziko haitugu?

 

Zeren

Egun batez

Beren gogoaren kontra

Eta gure bihotzaren kontra

Gure etxekoek

Ebaki hinduten

Eta erori hintzen

Ohorezki eta ixil-ixila

Erori hintzen lurrera.

Hiaurekin eraman huen

Ohorezki eta ixil-ixila

Gure etxondoan sortu eta itzali

Balaunaldien historia luzea eta urratua!

Eta ixil-ixila, umilki

Taula pollitak, sanoak, eman hintuen

Eta plegatu hintzen

Etxebarneko zoladuretan

Intziri bat gabe plegatu hintzen

Taula polliten neurrira

Eta galdu diagu betikotz

Gure begien bistatik

Hire neurri bizien oparotasuna!

 

Amak

Hire heriotzea

Kondatu zidalarik

Polliki, ez nezan sobera minar,

Hitzak hautatuz

Umilki kondatu zidalarik

Hire heriotzea nola gertatu zen...

Nigar egin nian

Hik utzi leku hutsari begira!

 

© Manex Erdozaintzi-Etxart    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa