Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ITSUA ETA SASTREA
(1892)
ESKUALDUN SOLDADOAK
(XIX. mendea)
ARTZAINTSA MENDIAN
(XIX. mendea)
ABENDUAN ORZANTZAK
(1901)
MICHELENGO ZUBIA
Piarres Ibarrart , XIX. mendea
Michelengo zubia, zubi famatua,
Arraintzariendako toki hautatua;
Haize hegoak han du azkarra xixtua,
Niri laster egin daut xapelaz tratua,
Xapelaz tratua.
Hameka orenetan, oraino barurik,
Zubi hartan arraintzan ari nintzelarik,
Arrain bat naukalarik amuan loturik,
Haizeak ereman daut xapela burutik,
Xapela burutik.
«Hasarre heldu hintzen, hozturik mendian
Niri mendekatu haiz; hobenik ez nian...
Zer hauen hartzekorik ene xapelian,
Gisa hortan sartzeko hartuta urian?
»Aphezari burutik xapela kentzia
Barkatu erran gabe, oi duk ausartzia!
Hegoa ero zela nian aditzia...
Noiz ikasi-gogo duk zer den zuhurtzia?
»Hastiagarri haiz, egunaz bai gauaz,
Oro erokeria; ez dakik zer nahas...
Ez duka urrikirik egin dukan lanaz,
Gisa huntan emanik apeza buru-has?
»Nungo Satan gorriak igorria hintzen?
Ez haut ikusi ere xapelaren hartzen!...
Hartu dukan lekurat ez baduk bihurtzen,
Jakinen duk enekin zertarako haizen.
»Haize, izanen duk justiziaz gerla.
Segur duk, preso ere harturen hutela;
Baionan galtzen badut, Pau-erat apela.
Ez badautak bihurtzen ebatsi xapela.
»Apezen xapelari aski aiher denik,
Baduk bai mundu huntan haizeaz bertzerik,
Kentzen ahal baluzte hik bezain ixilik,
Ez ginezakek ibil buruan xapelik,
Buruan xapelik!»
© Piarres Ibarrart