Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
KAFETTOA SEMINARIOAN
(1923)
PIP' ETA TU
(1923)
NERE MAKILA
(1932)
ENE KAIOLAN BI XORI
(1938)
DEIA
(Rythmes modernes)
Piarres Ithurralde , 1935
Ehun jakintsunek
ezagutu dute
zer alor gaitza den
gure mintzaire joria
ehun koblokarik
goretsi dauzkute
haren ontasunak
goresti haren loria...
Guk ere miletan
oihukatu dugu
nehun ez duela
gure eskuarak parerik:
zer nahi zuhamu
eta belar sendo
atera ditazke
lur berri gizen hartarik.
Bainan lur berriak
deus ez du emanen
baratzezain on bat
ez bazaio laster jiten.
Nolaz hora gabe
nahi zinukete
lapar-elorriak
errotikan suntsi diten?
Noiz agertuko da
gure lur onaren
eta haren zurgai
aberatsen lantzailea?
Noiz ilunbetarik
aterako zaiku
haiduru gauzkion
iguzki argitzailea?
Zure beha gaude:
otoi, erradazu
nun zauden herabe
zoko batean gorderik...
A! Zer lan ederrak
egiten dituzun
emeki-emeki
eskualdun jenden isilik.
Luma zorrozturik
gogomena sutan
bihotza oro gar
atera zaite mundura...
Eta isur zazu
liburu batean
Jaunak eman dautzun
zentzu-argi-gaindidura.
Nehork neholere
ezin erran duen
egia zahar bat
zuk harrazu girtainetik:
lore bat bezala
eskual baratzean
berriz landa zazu
haz dadin eskual gozotik.
Emozu iguzki
ur eta ongailu
landare gaztea
hola laster gotor bedi!
Bai zabal dadila
hostoz eta fruituz
mukuru beterik
lirain, azkar eta handi.
Jendaki guziak
bekaizti ditela
zure lan ederraz
orai eta beti ere...
Bai ikus bezate
zerbait bagirela
eskualdun zaharrak
jakitatez, gurez gure.
Ikus, gai girela
bertzek bezain ontsa
zerbait asmatzeko
nehoren zurkaitzik gabe...
Ikus, engoitikan
joan nahi dugula
geroari buruz
guhauren argien jabeŠ...
Bainan ez zitela
luzazegi gorde
hauspeko pindarren
molde herabetsura...
Hautsa bazterturik
har zazu emeki
hego amultsuak
derautzun ferekadura:
pizt zite gartsuki
argi sorterria
harri erdaldunak
zure dirdira ederraz...
Menderen mendetan
zure herritarrak
mintzatuko dira
zurekin sortu izarraz...
© Piarres Ithurralde