A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

ZUGANA NENTORREN ARRAPALADAN
      (2002)

AMAITUKO DA ZIGORRA
      (2002)

ESKOLARA BEZALA
      (2002)

  literaturaren zubitegia  

 

ANIMALIA

        Ander Iturriotz , 2002

 

 

Jolasean dabil neskatila, lorategi ahaztu eta bakarti batean. Jauregia da harentzat kioskoa, kristal eta urrezkoa. Tronua da harentzat harrizko bankua, printzesari dagokion luxu eta ohorea.

Oihartzuna dakar iturriak urrutiko mundu batetik. Txoria dakar, trumoia dakar. Haurtzaroa dakar, jolas labur eta atsegina, amets arin eutsiezina.

Udazkena ari dira apaintzen denboraren artisauak, gorriarekin, zuriarekin, atsedenaren nabardurarekin. Azken arrosa basatiak, udazkenean. Huntza, udazkenean. Euri oparoaren iragarpena, udazkenean.

Munduak prestatu duen eszenategi horretan, munduak erabaki duen une horretan beldurra eta ikusmina nahastu dira neskatilaren jolasean. Eskaini zaizkio esku luze batzuk opariz eta amorruz beteak. Musukatu dizkiote ezpainak. Maspildu dizkiote bular txikiak. Baina inor ez da ageri neskatilaren ondoan.

Zaio erakutsi neskatilari, hitzik gabe, kanturik gabe, negarraren antza duen atsegin ito bat. Zaio iratzarri bere baitako izaki hilduragarria, urez eta buztinez betea, grina aseezina. Baina inor ez da ageri neskatilaren ondoan.

Etorri da egunaren amaiera. Hautsi da kristala jauregian. Aienatu da oihartzuna, aienatu dira iturria, txoria eta trumoia. Ihesi joan da xoxo beltza sastrakak astindu direnean. Etorri da ipuinaren amaiera.

Altxatu da neskatila harrizko bankutik. Jolasaren amaiera izan da. Ametsaren amaiera izan da.

Animalia izan da, berriro ere. Odolik epelena izan da, betiereko aurkeztu dena, baimenik eskatu gabe, lorategi ahaztura etorri dena.

 

© Ander Iturriotz    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko