Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
SEX-40
(2000)
5-SEXKUPEKOA
(2000)
EZ DA IRAGANMINA, LAGUNOK
(2004)
AHOTS EPELAREN BILA
(2004)
LAZUNEN POZA
(2011)
ERLETXETA FUCKTORY
(2011)
LITTLE ARRATIA KLUBEAN
(2011)
MAGGIE BERRIRO
(2011)
60 URTEKO GAUA
Paddy Rekalde , 2011
Galsoro bazterretik doa, makulu batez lagunduta,
adinak ez dio-eta nahi bezala ibiltzen uzten,
are gutxiago lur zokor horien artetik,
eta olibondo bakarti baten ondoan gelditu egin da.
Aurrera jarraitzeko esan die besteei, ez itxaroteko,
poltsikotik ateratako zapiaz sikatu du bekokia,
sargoriaren laztana berun hutsa da, itogarria,
eta hala ere ekialdetik igartzen du ekaitza,
soro horitu hauetara hurbiltzen ari den zeru ubela.
Holaxe gogoratzen du haurtzaroko gau hura,
sargoritsua, ubela, berunezkoa...
aita zelan sartzen zuten kamioi barrura,
fusilak, oihuak, motorraren zarata,
zelan hasi zen kamioiaren atzetik arineketan
gaur bezala bihotza lehertzear
gaur bezala arnasa ezin ailegatuz
kamioia urrunean galtzen zen bitartean
eta gau ilunean aita...
Olibondotik ehun bat metro egin ondoren
harri zapal batean eseri da
ordu batzuk lehenago egindako lubaki batean
ageri diren hezurrei begira,
izerdi tantak malko batzuekin
nahasi zaizkio ezpainen inguruan,
eta orduan, hezurrei begiratzen utzi gabe,
esan du: padre, qué noche más larga...
© Paddy Rekalde