—23—
Alaine Agirre , 2017
Okerrena
ez da
giltzak arauak mugak
den-denak zurrunak
den-denak estuak.
Okerrena
ez da
bisita laburrak
hemendik ez ateratzea
zeure etxea familia maitalea txakurrak ahanzten joatea
apurka-apurka.
Okerrena
ez da
galdera eskaera mesede guztien
erantzuna
ezezko zorrotza izatea.
Okerrena
ez da
psikiatrak agindutako pilulen araberakoa izatea
gure aldartea
haiek erabakitzea
gure emozioak pentsamenduak sentimenduak.
Okerrena
ez da
leku honetara
ohitzen ari garela
egunetik egunera.
Okerrena
ez da
leiho komun ate oro
itxita mantentzea beti
ez da
okerrena
barroteak hesiak kristalak
egotea.
Okerrena
da
kartzela honetaz gain
kartzela honen barnean
badagoela beste bat
are txikiagoa itxiagoa itogarriagoa mingarriagoa.
Mintzo naizen kartzela hori
neure gaixotasuna da
katez burdinaz giltzarrapoz betea
batzuetan bisitarik onartzen ez duena
besteetan afaririk lorik sosegurik ematen ez didana
gehienetan gudara eroaten nauena
guda hori non ni
beti ateratzen naizen
galtzaile.
© Alaine Agirre