Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
IDAZLE GAZTEA (OLIOA MIHISEAN)
(2018)
OPARIA
(2018)
HAIZE HAU
(2018)
GALTZADARRIAK, ASFALTOA
(2018)
NESKA TALDEA
(2018)
MISE EN SCÈNE
Josu Goikoetxea , 2018
Zerri utzi dute gazteek plaza,
litroaren ziklotimia oihularian,
brikez, lataz, pixaz, poltsaz, botilaz.
Joan dira, eroan dituzte
nerabe liskar malapartatu horiek
beste norabait,
itzultzeko zina eginda.
Haizea dabil.
Herriaren plaza uher honetan
neskato bat, ume bat,
indarrez sartu da bistara.
Felpazko txandal berdea darama,
diadema ilerako.
Saltoka-saltoka, plaza erdian neskatoa.
Poltsak pilatzen hasi da umea,
eta mordo bat hartuta
gorantz jaurti ditu, indar infantilez.
Zintzilik poltsak airean une batez,
haizeak zirimolatu ditu gero,
lurrera itzuli dira, azkenik.
Neskatoak denak bildu ditu berriro,
jaurti ditu berriro,
zirimolatu dira berriro,
behin eta berriro,
neskatoa, poltsak eta haizea,
tema nekaezinean.
Eta leihoko begiraleari
ziztrin datorkio galdera:
polita da eszena
ala gupida estetiko batek apaindutako
koadro zatar bat besterik ez da?
© Josu Goikoetxea