Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ORAIN HILAK DITUGU
(2015)
IHESI II
(2015)
EHUN METRO
(2015)
BEDEINKATUA
(2015)
DEKORATUA
(2015)
PERLA
(2015)
KATUAREN ILEAK
(2015)
HITZ HORIEK
(2015)
BANDERA ZURIA
(2015)
EZ NAZAZU BEGIRATU
Karmele Jaio , 2015
Ez nazazu begiratu,
ez dut lurralde ilunetara
bidaiatu nahi,
ez dut gauzak
haztatzen ibili nahi
argirik gabeko gela batean.
Ez nazazu zeurekin eraman,
nahiago dut hemen geratu,
kafe makina,
etxeko giltzak
eta lanpas zaharraren alboan.
Ez nazazu ezagutzen ditudan
gauzetatik aldendu,
ikasi dut haien ertzak saihesten,
ezagun ditut haien usainak,
haien egur zaharrak,
haien metal berriak.
Ez nazazu urrundu aharrausietatik,
igogailuko hizketaldi hutsaletatik,
familiako bazkarietatik,
programatutako sexutik,
betiko autobusa hartu aurretiko
pazientzia ezetik.
Ez nazazu begiratu,
zure begien tontorrean
arriskuren bat dagoelako,
ziur,
izotza, elur-jausi bat,
uholde bat,
berarekin eramango dituena
aulkiak, landareak, erosketa zerrendak, sardexkak, liburuak,
babesten nauten
benetako gauza guztiak.
© Karmele Jaio