Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
MAITE ZAITUDALAKO
(1980)
ERRUSIAKO ESTEPETAN
(1987)
BIZITZA
(1987)
GALTZEKO LURRAK
(1995)
IRAULTZAK
(2007)
INDUSKETA
(2007)
ARITMETIKA ARIKETAK
(2007)
ABERRIAZ ZELAN AHAZTU
(2007)
MUNDUA
Jose Luis Otamendi , 2007
gu munduarenak gara
baina mundua ez da gurea
gu euriarenak gara
jendearenak gara
baina mundua ez da gurea
munduak baditu bazterrak
maitatzeko eta desmaitatzeko
kale arte eta egunak
etxe jaso berriak zelai izoztuak
errepide argiztatuak gauean
munduarenak dira
nahiz munduan bizi
nahiz mundua gugan bizi aldi batez
mundua ez da gurea
denok gara munduarenak
batzuetan ematen du munduak baduela jabea
esaten dugu badela gure mundu bat
gurea ez delako defenditzen dugun mundua
gurea izan ez dadin defenditzen duguna
denbora eman zaigu bizilekua bilatzeko
baina ezin dugu ase bizitzeko denbora batekin
denborak abegi egiten digu
ontzia egiten diogu egokitu zaigun aldiari
gero sarritan kausa ederren izenean
mundua ehizatu lotu gure egin nahi izaten dugu
eta gauzak okertu egiten dira zeharo
mundua ez baita gurea
defenditu egiten ditugu
munduko eremu eta esparruak
jendeak izan ahal ditzan
nork bere denbora eta aukerak
sintaxi ulergarri bat
ibaiek ehuntzen dute itsasoa baina
hitzetan mamitzen da mundua
jendea eta gauzenganako begirune eske
gu munduan bizi gara
mundua gugan bizi da aldi batez
hesitu gabeko euria
giltzatu gabeko jendea...
gu mundu gara
baina mundua ez da gurea
© Jose Luis Otamendi