A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
MAITE ZAITUDALAKO
|
ARITMETIKA ARIKETAK Jose Luis Otamendi , 2007
aritmetika ariketa zoroetan sartua nabil: zenbat auzokide herritar ezagun —gogaide zein etsai kuttun— zenbat lagun kendu dizkidaten bistatik kontuak egiten ditut
jabetzen naiz urriko orbela bezala —arin galtzekoa haizearen mende— arratsaldeko ume zarata kalean nola paisajearen bazterreko osagai naizela ni ere soslaia urruneko argazki batean etorkizun zabal eta helgaitzari ertz lausotu batetik kirika
arnasa hartu hiru aldiz eta letrak lerro-lerro paratzen jarraitu dut oraindik hemen nagoela esaten zidaten nire hatzen takatekoek gela datorkit begien parera atea gero eta paper nahasiak nonahi: aurpegiak keinuak ahotsak eta izendegi amaiezina ondoren... —horiekin joango zen akaso ihesi zoriona—
nire baitaren deshabitatze antolatua salatu nahi dut baina ez dakit zein bulegotara jo nondik ekin nola galarazi jario geraezin hori —sarea naiz dena isuri dena itogin dena galera guardasol baten eskeletoa jasapean— jendea indarrean daramate era txarrean ari zaizkit ateratzen kirioetatik barrenetik neure azaleko usainetik libratzen hezurretatik itzal arrastoak xahutzen irribarreen orbanak fereka hautsien koskak dentistaren doitasunez ari zaizkit hondeamakinak barrunbeetan ken eta ken neu naizen piltzar mordo mailatu honetatik eta lotsatu egiten naiz jendeak igarri egingo baitit barren hustu hori begietako putzuan igeri
nire baitaren deshabitatze sistematikoa salatzen dut ezin dut onartu erauntsien mende bizitzea ekaitz aldi bakoitzak zer ostuko eta gero hondakinen artean erreskatatuko dugunaren itxaropenez ibili beharra beti ez dut naizena baino gizaki deshabitatuagoa izan nahi lotsa ematen dit jendeak eguna joan eguna etorri batera eta bestera barrena hutsik nabilela begietan antzematea edo ibileran edo hitz egiteko moduan auskalo
jendea ateratzen ari zaizkit barrutik su hartutako hotela banintz bezala ateak ostikoka lehertu eta haurrak izutuz... ez naiz eskailera hautsia ez naiz meatze abandonatua neure urratu eta joskura traketsekin nahi ditut neure egunak bizi eta inor nire barrutik erauzterako kontuak egin banan-banan alerik ere oharkabean joan ez dakidan hemendik aitzina
nire barrua husteko nazioarteko konplota salatzeko etorri naiz eta badakit egin beharreko kalterik handiena egina dagoela berandu izan litekeela desegindako arimak bere onera ekartzeko galdutako asko ez dela itzuliko sekula nahiz eta halako batean akaso batek daki gu edo beste batzuk zoriontsu izan
baina kontatzen ahazten bazait galdua naiz —nire etsaiak nire lagunak— hor dago nire indarra horretan da nire izatea bera esan dezadan aritmetika humano bat galdatzen dut... nor dago bere sasoian eroso
kontatzen ahazten bazait nireak egin du c'est fini akabo kontatzen ahazten bazait bat bi hiru... kontatzen ahazten bazait kito ni ere ez nago
© Jose Luis Otamendi |
|