Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
NIRE ANAIOK, IV
(1966)
IPARRALDEAN UDA
(1979)
LARRAZKENEAN
(1979)
ZORIONA
Paulo Iztueta , 1979
Ez atzokoa eta ez biharkoa,
bai oraingoa eta haragizkoa.
Zoriona zerbait izatekotan,
hauxe zela esan zenidan:
odolak irakindakoa
zuhaitz hegal batek zaindutakoa
besarkada batek hestututakoa
musuak ezpainetan egindako zauria.
Atseginaren zumoa
da zorionaren edaria.
Zigarro hautsa bezala
suntsitu zen,
ezintasunez kixkalita,
argudio guztien freskotasuna.
Debekuen misterioa
bilutsik geratu da.
Agur ilusioen paisajea!
Desafio hartan
hasarretu ziren
elizguraso hutsezinak
eta psikologo modernoak,
aitortegiak
neskarik gabe
geratu ziren,
apaiztegiak
arrazakorik gabe.
Zalantzan zegoena
zerrak ipur-ondotik
ebakitako
pago trinkoaren gerizpean
etzan zen
egunsentiaren zain.
Gau hartan ere
hontzak deiadar triste batzu
barreiatu zituen
gaztanadian zehar,
bere melankolia
zeini kantatzen zion
jakin gabe.
© Paulo Iztueta