A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HEREDATU NUEN
|
NON ZAUDE Jule Goikoetxea , 2014
Non dago dantza iniziatiko hura koktel eta pelotazo artean zure Morgan esmokinarekin zure zigarro zuriarekin zure zuhur bibotearekin.
Non dago militantziaz labezomorroz eta hezetasunez betetako etxe hura zaintzen zuen sentikortasun insolbente hura
gau eta egun nik 15 zu pobre Donostia aberats. Lola estás Loca, Plarena.
Non daude uhinek eta zure insultatzeko moduak ofenditutako paseo beti berri betirako eten haren intimitate borraskadunak, zure aterki beltza zure egunkari euritsua eta nire eskua zure eskuaren aurka urduri borrokan.
Non zaude Tomas.
Non dago gau eta egun galmenaz isilik mendekatzen zen zure begiradan gordetako malenkonia
ni bideratua zu pobre Donostia aberats.
Non dago algara tinko hori militantziaz labezomorroz eta hezetasunez betetako herri hau ernaltzen.
Non daude pentsatzen ikasi nuen tugurio haiek
non erresistentzia bizitzeko modu apasionatua den, eta maitatzen jakitea ez den maitatzea.
Non zaude Tomas.
© Jule Goikoetxea |
|