A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1
|
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1 — I Arantxa Urretabizkaia , 1972
Duela urte asko (hamar urte ez al dira urte asko) San Pedro bezpera batean, gauerdian, denbora gelditu egin zen. Eta hutsune hartan, zulo beltz busti hotz bat gertatu zen. Eta amets lodi eta ahaztu hartatik iratzartzean zulo hartan murgildurik, arroxina upel batean erdi itorik, gorputzaren milimetro bakoitza erne, urduri, irakinaren marmarra bakarrik entzuten nuen eta, segundo bakoitzean behin, neure hortzen hots b e l d u r t i a, denborarik gabeko itxarote haren erloju orratz gabea.
Duela urte asko, hamaika ia, San Pedro bezpera batean, infernuko deabru guztiek, bultzaka, kolpeka, geratutako denbora martxan jarri zuten. Eta ene historia bitan zatitzen da harrez gero San Pedro egun haren lehenagokoa eta ondokoa. Gau hartan dago haurtzaroaren muga, hesia, zorionaren azken esperantza, gau hartan hil zen ene inozentzia, San Pedro bezpera bateko gau madarikatu hartan. Duela urte guti, edo ez hain guti, lau ia, San Pedro bezpera batean, gaueko hamarrak bost gutitan espero izateko esperantza hil zeutaten.
Arlote, alfer, sadiko. mozkor, infernuko deabru guztien begiratu nazkagarri eta beroaren aurrean, azpian, kausa loriosik gabeko Jeanne d'Arc alpretaduna, kanoirik gabeko Agustina Aragoiko, lumarik gabeko Simone de Beauvoir analfabetoa, ezpatarik gabeko aingeru mendekatzailea, betiko katea lotu zeutaten bihotzean, San Pedro bezpera batean, duela hamar edo lau urte.
Duela ia lau urte San Pedro biharamunean, uztailaren lehenengo egunean (Jesu Kristoren odol guztiz preziatuaren eguna) zin egin nuen inoiz inon inork ez zuela ene denbora geratzeko boterea erdietsiko.
© Arantxa Urretabizkaia |
|