A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1 — I
|
MEMORIAL Arantxa Urretabizkaia , 1982
Zer egin dezaket udako arratsalde gorri batean eguzkiak nere leihoari beldurra badio eta zu ez bazaude? udak ustekabean neguaren erdian harrapatzen banau derrepentean hostoak isiltzen badira lau kanpai hots entzuten diren bitartean hiru tanta lehor eta epel bat haize hilaren gainetik nora jo dezaket kalean topatuko ez bazaitut gauzak nahiko gaizki ez doazen bitartean tanta epel eskas bat atsoen pauso azkarrak berotzeko nola jakingo dut arbolak bizirik ote dauden soinurik egiten ez badute sirenen hotsa itzaltzeko. gauza ez badira nork esango dit zer gertatzen zaidan lehenengo malkoa oraindik sortu ez denean zeinen eskuak astinduko ditu betazaletan ezkutatu diren kanpaiak non babestuko naiz zure besoak urruti badaude nondik sortuko da elektrizidadea udak baimenik ematen ez badu hiru kanpai ergel eta laugarren bat zeinen arnasak berpiztuko ditu adarrak ni ere uda bihurtu naizenean zer egin dezaket udako usainak sortzen duen izerdi motelak bereganatzen banau malko behar zuten urak abuztuak itotzen baditu nork aseguratuko dit ez dudala sekula santan trapuzko lorez egindako sonbrerorik eramango lau kanpai asper eta bigun bat zer egingo dut laino beroaren gainetik dantzatzen ikasi ez badut masailetako odolak begiek baino argi gehiago duenean zertan ari zaren ez badakit bero ala negua zure azalaren inguruan kaleak bihotza baino lehen lehertzen badira nork aterako nau nire barrutik zuk keinu bat egiten ez baduzu paretarik besterik ez teilatuen gainetik zertarako isildu da eguna zure ahotsa entzungo ez bada sentitzen ditut berriz aurpegia zimurtzen didaten behatzak sudurretik kokotsera begietatik masailetara bidea lantzen kalean haize izpirik ere ez ezta zure pauso baldarrak dakarren ifar apala zertarako gogoratu gerriko itximur hori zu ez bazaude eguna ala gaua zure izenaren gainetik nola tragatuko dut ifernuko kea zure loaren arnas freskoa ahaztu bazait udak betirako bereganatu banau zigarroaren usainak ere altxatzeko indarrik ez badu nork beteko ditu nire haragi hutsak bozinak ere isildu badira nork egingo du dantza nirekin udak gaurkoz behintzat suizidatu banau zeinentzat asmatuko ditut gezurrak zerua ere txuritu bada eta udazkenaren zain egon behar badut bost kanpai geldi eta seigarrena irakiten asfaltoa lehertzen den lekuetan zer egingo dut leihoko landareek ez badute nire agindurik obeditzen alde guztietatik beroak inguratzen banau nire eskuak ere udaren alde badaude sei kanpai gor eta zazpigarrena minez izarrak berak eguna bezain gogorrak badira ilunabarrak berak hostoak kariziatzeko ahalmenik ez badu zer egingo dut zazpi kanpai ustel eta zortzigarren gorri bat entzuten ditudan bitartean.
© Arantxa Urretabizkaia |
|