A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1 — I
|
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1 Arantxa Urretabizkaia , 1972
XI Atoz ilunabarrean, atoz.
Piztuko dugu sua eta hari so, karren bero gorriak laztandurik, kontatuko dautzut nola amesgaizto bat egin dudan nola egin dudan amets dragoi berde handi bat zegoela auzoan, aldapa gaineko etxe koskorraren atzean eta dragoi hark, ahotik sua zeriola, gure etxe aurrera etorri zela eta bakarrik nengoela, baina haren suak, atzaparrek, gorputzaren berde biziak, buztanaren kolpeek, aho sutsuaren kiratsak, ezin zezaketen ezer gure etxeko pareten aurka. Kontatuko dautzut nola egin duten alde banaka isilik arrastaka, eguneko orduek, hilabete bakoitzeko egunek. Nola nengoen zure zain sutondoko bazter honen zain.
Eta zuk, zangoak luzaturik, eskuak gurutzaturik, begiak hertsirik, entzunen dautazu. Ene hitz bakoitzak leku bat aurkituko du zure buruan ene perpausek lanbro tantadez apaindutako amaraun distirant bat osatuko dute.
Gero, kearen eta haize beroaren besoetan, helduko zait zure erantzuna. Esanen dautazu nola egun ez dagoen jadanik herri bakoitzeko neskatxarik politena harrapatzen duen dragoirik nola gure etxeko paretek, egunero berreraikiak, egunero zainduak, inoiz ez arrotzak, guk iraun dezaguno iraunen duten. Kontatuko dautazu nola egin duten ihes, zaratatsu, egunek eta asteek, baina nola izan diren luze sei hilabete hauek, nola espero zenuen momentu hau, nola berrezagutzen duzun zeure kadira, etxeko usaina.
Eta elkarrekin, puzzle bat egiten den bezala, pauso bakoitzaz, keinu bakoitzaz gozatuz, biharko planak eginen ditugu, bihar, berriro. Baina gaur, sutondoan, garren bero gorriak laztandurik, senti dezagun elkarren bizitzea luza dezagun gorputzak elkar ukitu baino lehen sentitzen duten dardara. Begira, sua tristatzen ari da. Bota dezagun beste enbor bat.
Eta isilduko gara, gure isilaldia hitzez espresatzeko zorion sakonegi bat izanen da.
Atoz ilunabarrean, atoz.
Duela sei hilabete, duela sei hilabete piztu nuen sua, duela sei hilabete mahaia jarri ohea prestatu leihoa ireki.
Atoz ilunabarrean, atoz.
© Arantxa Urretabizkaia |
|