A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
NIK EZ DUT EZER EGIN
|
IZARA BERRIAK Gaizka Amondarain , 2002
Lupa batez ari naiz atzoko egunak utzi zituen aztarnei begira Axola ez arren, jakin nahi nuke nondik egin zuen ihes Zenbatgarren bagoia bahitu zuen Ea bide urperatuak aukeratu zituen ala damuaren laberintoan galdu zen Patua dakusat kiribiltzen etxe aurreko patioan Eta etsipenezko hektareak zabaldu ditu egun berriak kalean Gure funtsa harresitu zuen arkitektuak izango du azalpenen bat Pauso bakoitza galdu den segundu bat dela pentsatzeko
Ez dut behar izara berririk Ditudanak ditut gogoko Nire usaina darie Hirurogei kiloko etsipenezko hektareen usaina
Egunero fumigatzen dituzun hektarea horiek dira nireak Nekatu dira dena urrunetik ikusteaz Eta desio guztiak jaretsi nahi lituzkete Begi horiek zeruarenak ala itsasoarenak diren jakin orduko Bagoi guztiak zeharkatu nahi lituzkete oihukatuz; «Nork galdu zuen aukera bat atzo?»
Baina badakit zu aurreko estazioan gelditu zarela Eta bagoietako jendea eroa banintz bezala geratuko zaidala begira
Itogarria da sentsazio hau Ezagutzen ez dudan zerbaiten ausentzia Eta logelako leihoan etxeko alfonbrak astintzen ditudan bitartean Gogoratuko naiz gure funtsa harresitu zuen arkitektoaz Atzoko egun madarikatuaz Eta pauso bakoitzean galtzen ditudan segunduez
Zure begiek eta nireek sasoi batez elkar ezagutu zutelako eta orain ahazturaren testigu isilak baino ez dira
© Gaizka Amondarain |
|