A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
MARINELEK GOGOA ITSASOAN DUTE BETI
|
AP XII, 8 Anjel Erro , 2005
Zilegi bada poema bat izan dezazun, zuk, epaimahai erantzunezin baten juzkura izan zarena Nafarroako mutilik politena; zuk, patuaren kapritxo eskergarriagatik igande eta bestelako jai egunetan Ospitaleko loredendaren ardura duzuna;
zuk, Golem inguruko garagardotegian, Noticiaseko propagandan eta edonon halabeharrez topatzen zaitudana; zuk (izena ez dut esan behar), nire amatxiren auzoaren biloba; zuk, zeladoreei irria eragiten diezuna, dorre eburneoa, aingeruen kopia;
zuk, behin galdetu nizuna koroa zenbatean saltzen zenuen, gogoratzen?, biok bakarrik genekien hizkuntzan, gogoratzen nafar on haien aurpegiak?; zuk, behin galdetu zenidana zer moduz; zuk, hau irakurrita deituko didazuna; zilegi bada, diot, zuk poema bat izan dezazun, hau itzul dezatela greziera helenistikora (gogoz onartuko ditut aldaketak,
badakit egokitzapena ez dela lan erraza), eta, apokrifo, sar bezate Antologia Palatinako hamabigarren liburura, eta Estraton Sardesekori egotz diezaiotela.
Ezin dut sufritu —nire roilo pertsonal bat da— ez zenezan Ovidio, Konstantino zaharra inspira.
© Anjel Erro |
|