Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
OHEA
(1919)
UDAZKEN
(1926)
NESKATX URDIN-JANTZIA
(1927)
BULTZI-LEIHOTIK
(1929)
URTE-GIROAK ENE BEGIAN
(1930)
PARISKO TXOLARREA
(1930)
EUSKO BIDAZTIARENA
(1931)
IZOTZ-ONDOKO EGUZKI
(1931)
ETXEKO KEA
(1932)
ASABA ZAHARREN BARATZA
Xabier Lizardi , 1931
I
Atarian
Asaba zaharren baratza
huntzadun hormek hesia
eguzkiak lehen maitea...
Hotzaldi zoro baten itzuli
joka nagokik atea.
Joka nagokik atea
ate gorri zurezkoa
euri zaharrek usteldua
marraskiloek bide bihurri
dirdaitsuez apaindua.
Bai bainun amona xahar bat
zazpi begiko baratzai
deadarkari iaioa
marrubi-lapur nenkusanetan...
Bizi ote dut gaixoa?
II
Sarrera
Sar eta... zuhaitz jantziak.
Urrats bat egin ta... adar huts.
Oroipen txoriez zeuden
beterik: ni ikus ta, bat-batean,
hegoei eragin ziten.
Nigana datoz, nahasian...
Adiskide min maiteak!
Barru-muineko gauean,
su itzalitzako zaharra gar gorri
dabil-ta bihur nahiean.
Belar gaiztoak jan ditu
nire bidexka izkutuak...
Ale bakanak dakartzi
bide gaineko mahastiak, eta
ortziak peitu du iguzki.
Urte joanen zitala!
Zuek zarpildu-itzalia
lehenera nork lekardake?
Zabal-naroa nuen baratza,
gaur hain estu, gaur hain gabe!
III
Lehena
Baratz erdian dut arki
amona: alderoka dator,
begi galduak noranahi...
Heriotzak dakar besalagun,
bere buruz ez baita gai.
Amona, zatozkit, otoi:
biloba laztan ezazu,
esan zadazu «biloba!»
Hitz hori, soilki, zaharrak dit ondu,
ardoa ohi dun bezela.
Biraka hasi zan, dei ta dei:
aita dei, ta ama;haurtzaroko
lurrak irentsi lagunak...
Zaharrez birrumetu danez gero,
menbeko darabil lehenak.
Errukarri! Lausorik du
gizargia begietan...
Nonahi aldiaren sitsa!
Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,
zaldun arrotza bainintzan.
Laztan dut. Bera, harrituta,
begi-begira dagokit.
Gero, geldiro: «Nor zaitut?...»
Euskeraz hark niri galdegina
gogoan besterik ez dut!
Nire begien suz sutu
nahiez bereak, diotsat:
«Billoba nauzu, zaharrena...
Zure marrubi gorriak inoiz
ostutzen ohi nituena...»
Oroi ote?... Begietan,
zalantza dut tximistarik
iragan zuelakoa.
Burua igurtzi zidan astiro,
esanaz: «Zu...? Zu...? Gaixoa!»
Ta hasi zan biraka berriz,
hil-zaharrei hoska, negarrez,
heriotzaren egarri...
Bizitzearen hondar aleak
larrainean eultzen ari!
IV
Oraina
Ta, hara, bidean, baldarño,
muttiko bat guregana:
hark birbiloba, nik seme.
Ikus amonak, bertan gelditu,
ta haren eztizko irribarre!
Laztan du, pozak zoratzen:
«Hi haut, orain hakust ongi!»
diotsa, «Hi haut, bai, "Holako"!...»
Ta... nere izenez igurtzi zuen
burutik oinetaraino.
Lehena zegoen orainaz
ele gozoka. Bitsuok
mintzo beraz ziharduten.
Ene asaben lokarri zaharra
Jaunari zor, ez zan eten!
V
Etorkizuna
Ordun eguzkiz jantzi zan
asaba zaharren baratza
ordun, zuhaitzak igaliz
ordun baratza leheneratu zan
mugak berriro zabaliz.
Ta lehen ikusi gabeko
zuhaitz berri bat zegoan
erdian, guzien buru...
haren gerizak herri-baratzak
ezinilkor egin ditu.
Nire Tabor-mendi: nire
baratz zaharraren antzalda!,
egi, mami, bihur hadi:
lehenaren muinak aldatu beza
baratz zaharra baratz berri!
© Xabier Lizardi