ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

UDAZKEN
      (1926)

NESKATX URDIN-JANTZIA
      (1927)

BULTZI-LEIHOTIK
      (1929)

URTE-GIROAK ENE BEGIAN
      (1930)

PARISKO TXOLARREA
      (1930)

EUSKO BIDAZTIARENA
      (1931)

ASABA ZAHARREN BARATZA
      (1931)

IZOTZ-ONDOKO EGUZKI
      (1931)

ETXEKO KEA
      (1932)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

OHEA

        Xabier Lizardi , 1919

 

 

Neke-sendalaria

buru-argitzailea

lanaren saria...

Amestegi guria

nahigabeen azkaia

nagien nausia.

 

Bitez agur nereak

afalonduon behintzat

guztiak zuretzat.

Ta aitagure bat ere

bihoa, zu asmatu

zinduanarentzat.

 

Baina... lasatu nadin

orain, aitagureka

eraso baino lehen,

jaun zintzo horren baimenaz,

mordoka datozkidan

neurtitzok esaten...

 

Afaldu det oparo.

Betazalok, otoika,

eskatzen zaudate.

Aurrean zu, zabalik,

elurra hainbat zuria,

begiok zakuste.

 

Sartu ditzadan lehenen

estalkiok azpitik

dagokion neurriz

oinik irten eztaidan

gauerdian —oi baitu!—

lotsagabekeriz.

 

Apatx, orain!... Bihoaz

oinetakook gora,

habea jo arte:

nere pozaren berri

auzo goi ta behekoek

ikasi bezate!

 

Txamarra kendu, bota

galtzok ere: ez atseden...

Horrenbeste neke!...

Zaharragoak izanak

dituk ene guraso

Adan eta Ebe!...

 

Noizbait! Gerturik nago.

Aitaren egin, eta

jo dezadan murgil.

Bat, bi, hiru, lau... agudo!,

negu gauaren hotzak

ez nazan bertan hil.

 

Horra barruan, jaunok,

maindire leun artean

bilduta, buru-oin.

Sarrerako hotzikara,

baina, samurtu arte,

arren, pixkat itxoin.

 

Oraintxe, ba, muturra

zerbait atera daiket

berriketa jarrai.

Zu goratzen, maitea,

logurak hautsi arte

ez dut isildu nahi.

 

Ai, nolako zoroak

gauez kalerik kale

ibil ohi diranak!

Arkiko ahal dituzte

asun minez beterik

inoiz beren oheak!...

 

Atean haize latza

dabil, haserre... Noski:

oherik ez baitauka!...

Leihoan txingor hotsa

da, neri loa, nonbait,

galerazi bila.

 

Lan gaitza, gaitzik bada.

Ateko giro txarra

lotarako onena,

sehaska hustu genduan

haur samur hazitxoon

llo-llo biguinena.

 

Bihar?... Gogapen txarrok

urrun! Egun banari

gau bat darraikio

eginaz hats artzeko,

ez eginkizunarren,

orde, kezkatzeko.

 

Ta... irakurle maitea,

laburrerako oraintxe

berriketan nauzu...

Begiak itxi zaizkit,

burutzar hau moteldu...

arnasa... ba... kan... du...

 

...Amets dagit, basoan

hil nauela, barreaz,

maitagarri batek,

ta, gozorik, hileta

abesten didatela

berrehun mila lorek...

 

...Amets dagit nautela

tximirritek ehortzi

abaraska baten,

ta hilobia, lasaki

ta isilka, ari naizela

barra-barra jaten...

 

...Amets... Baina, zer dantzut?

Irakurle guztiok

zurrungaka lorik?

Nere neurtitzok horrein

lo erazle bizkorrak

uste ez nun ziranik!

 

Beraz, gabon, gazteok...

Baina... nere buru hau,

jas!... nola burutu?...

Ohe-asmatzailearen

onez agindutako

aitagurea ahaztu!

 

Gizagaixoa... noski,

on hutsa bide zanez,

zeruan ahal dago!

Nere aitagureen

beharrik, beraz, ez du,

alegia, izango.

 

Gauzok hala dirala,

laga dezaket aita-

gurea biharko...

Atean euri hotsa...

haize zotin luzeak...

Agur... Da... gi... dan lo... o... o!...

 

© Xabier Lizardi    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa