Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
KAFETTOA SEMINARIOAN
(1923)
PIP' ETA TU
(1923)
DEIA
(Rythmes modernes)
(1935)
ENE KAIOLAN BI XORI
(1938)
NERE MAKILA
Piarres Ithurralde , 1932
Begiztatua nuen aspaldi mendian
mizpirondo xuxen bat sasien erdian.
Handitzerat utzi dut eta harekila
aurten egin dut nere... eskualdun makila.
Bi erroden gainean joaiten ez ikasi
Burdinbidetan, aldiz, sabela nahasi.
Bainan non dut karrosa? Non dut beribila?
Oinez beti banoa... eskuan makila.
Kana delako baitzu hirian baituzte.
Hoitarik gehienak deus guti, nik uste.
Ez dut hoik bezain herbail nik nere kabila
eskuan dudalarik.... eskualdun makila.
Askotan ikusi tut ibilki herrian
aitzindari erneak ezpata gerrian.
Bekaiztia niganik urrun joan dadila
zeren eta baitut nik... eskualdun makila.
Igandetan goiz-goiza, xamarra emanik
etxekoandreari agur bat erranik
entzun-eta oihuka dorreko ezkila
ni banoa harturik... eskualdun makila.
Nere sakelak nahiz ontsaņo miatu
jira zait behin gizon bat... Bainan zer gertatu?
Segurki ez du erran batere ez nakila
ibiltzen eskuetan... eskualdun makila.
Jaunak begira neza luzezki munduan
bai eta ezar gero betikotz zeruan.
Orduan, haur maiteak, otoi ! nerekila
emazue hobian... eskualdun makila.
Gero zeruetako mendi ederretan
eta hedoietako izar xurietan
Jainkoaren alkitik han hurbil-hurbila
ibiliko naiz lerden... eskuan makila.
Begiztatua nuen aspaldi mendian
mizpirondo xuxen bat sasien erdian.
Handitzerat utzi dut eta harekila
hemen egin dut nere... zeruko makila.
© Piarres Ithurralde