A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

ORAIN HILAK DITUGU
      (2015)

IHESI II
      (2015)

EZ NAZAZU BEGIRATU
      (2015)

EHUN METRO
      (2015)

BEDEINKATUA
      (2015)

DEKORATUA
      (2015)

PERLA
      (2015)

KATUAREN ILEAK
      (2015)

HITZ HORIEK
      (2015)

  literaturaren zubitegia  

 

BANDERA ZURIA

        Karmele Jaio , 2015

 

 

Ospitale honetan jaio nintzen.

Izara zuri baten gainean

jarri ninduten

aitak bere alaba jaioberria ikus zezan,

amak ohean etzanda

eta gorputza erdibituta

arnasa sakon hartzen zuen bitartean.

 

Mantal zuridun batek

egiaztatu zuen nire jaiotza

eta paper batean apuntatu zituen

ordua eta minutuak eta segundoak,

eguna eta urtea eta lekua.

 

Gero aita zegoen ospitalean

eta ni nintzen bisitaria.

Ospitale honetako besaulkian

egin ditut gauak

gelako leihora begira,

gortinen mugimenduari adi,

aitaren ur eskaera

eta eztulen artean.

 

Ospitale honetatik deitu nuen etxera

aitaren heriotzaren abisua emateko.

Orri batekin irten nintzen hemendik,

jakako poltsikoan tolestuta,

ordua eta minutuak eta segundoak,

eguna eta urtea eta lekua

idatzita zeuden bertan.

 

Ospitale honetan ikusi nuen lehenbizi

nire barruan zapaburu bat mugitzen,

eta ospitale honetako erditze gelako sabai zuriari begira

erditu nintzen bi aldiz,

Gabonetan bildotsa bezala.

 

Ospitale honetako kontsulta batean

eman zidaten nire gaixotasun

kronikoaren berri

eta gero bizikletaz bueltatu

nintzen etxera,

oso azkar,

haizeak nire estutasuna

sikatuko zuela sinetsi nahian.

 

Poltsikoak paper tolestuz

beteta dauzkat.

Jaio nintzenetik hona

gauza asko gertatu dira

ospitale honetako horma zurien artean,

baina bitan laburbildu daitezke:

batzuetan haizeak gelako gortina zuria astindu du,

eta beste batzuetan ez.

Orain bai, orain ez.

 

© Karmele Jaio    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko