Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
MAITASUNEZKO ARKEOLOGIAK
(1988)
SALZBURGO, 1986-EKO URRIA
(1988)
IGANDE EURITSUA
(1988)
THE MAN I KNOW
Maria Jose Kerejeta , 1988
Gizon batek bere urratsetan egiten du atzera urrats
eta bere burua berrezagutu nahiko luke
hautsak jandako erretratu eta traje zaharren artean;
bere burua berriro aurkitu nahiko luke
baina agian ez du betiko infernua
besterik aurkitzen.
Neroni izan nintzen gizon hori.
Gizon bat trenera igotzen da
eta begiez, hura bilatzen du
leihoko kristal zikina
zulatzen duten begirada guztien artean.
Arratsaldea hotza da eta trena badoa...
Burdinbidea, argiak, eta gero soroak.
Eta dagoeneko dena mugitzen ari da
eta dena mugitu da ezinbestean.
Gizon hori ni nintzen.
Gizon bat Judas izan zen.
Beste gizon batek berriz, gerrarako bidea hartu zuen,
eta orduan bizi izan zuena izan da gerora
beste edozein gizonen bidea,
eta egun bateko ordu batean,
berak inoiz amestu zituen
eta bere beila guztietan amestu
ahal izango lituzkeenez bestelakoan
etxera itzultzean,
ikusi zuen azkenean bere burua hutsik eta saldua.
Ni hori izan nintzen eta izango naiz.
© Maria Jose Kerejeta