Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
GAZTEEN BATZARRAK
(1896)
GIZON BAKARTSUA
(1896)
MUNDAKAKO EMAKUMEA
(1896)
SUR BATERI
(1896)
MUNDUA BILOIZIK
(1896)
EUSKALDUN BAT
Eusebio Maria Azkue , 1896
Hemen nago ni tristea
galduta eskubidea
kartzela baten
alak esaten
daukadazanak ugari
neure gogo larriari.
Neure lehenengoko argia
zan euskaldun eguzkia
Ama maitea
zan emaztea
gizon behargin ta onena
herrian zan ziritzoena.
Ume nintzaneko egunak
danak alkarren lagunak
joan zirean
euren bidean
beti-betiko lekura
ez etorteko mundura.
Hamar urte neukazala
jakin zan Errege hil zala
enekian nik
hasiko zanik
hagaiti guda-kezkea,
ez gitxi zer zan gudea.
Hasi zan ordu txarrean
herritar hutsen artean:
erbestekoak
euren asmoak
eukezan gu sututeko
ta herria zapalduteko.
Hamaika orduko euskaldun
neuk nebazanak ezagun
gazte zintzoak
ta errubakoak
gurasoentzat galdu dira!
Ta herriak?... zorren azpira.
Egon leitela bakeau
baso-mutilen artean
aita ibili zan
Lartaunen gisan
beti guztien aurreti,
zauri barik baina ez beti.
Apurtuta istar hazurra
jo eban behin atzerantz lurra;
eta harrak jaten
berezi baten
kristinau legez hil zan
ta umezurtz gelditu nintzan.
Noizbait egin zan bakea
bake lotsari bagea
baina Ingalaterrak
halango gerrak
badoguz Jaunak emonik,
ez dau eukiko gizonik.
Ai Ama triste neurea!
Non zan laguna zeurea?
Galdu zenduan
baina munduan
daukazu seme kutuna
izatea zor deutsuna.
Hamazazpi urte daukadaz
gorputz ta osasun onagaz
ta itxasoetan
gaur ontzietan
irabazten da gehiago
eta aberastu lehenago.
Heldu zan laster eguna
neure amantzat iluna
zeinen goizean
joan ginean
euskaldun portu batera
ontzi bat bilatutera.
Fragata eder bat egoan
Habanarako gogoan:
ontzirau nintzan
morroian gisan,
ta berrogei egunean
Habanara heldu ginean.
Ontzien armadoreak
bizkaitar gizon nobleak
euren etxean
almazenean
kapitanen esanagaz
hartu nenduan pozagaz.
Habanan neukan bizia
zan amak irakatsia:
goizean jagi,
ez belu ez nagi
mezea entzun ta gosaldu
gero lekua zabaldu.
Izena hartuta bertati
joan nintzan Habanati
salgeiagaz
ta ugazabagaz
batera Veracruzera
beste etxe bat imintera.
Itxi nenduan bakarrik
ta eneukan ekandu txarrik
mutil gazteak
ezik bageak
neu lez burua ikusi lei
irabazten ehuneko ogei.
Ez nintzan amagaz ahaiztu,
ez inok hori sinistu;
ehun ogerleko
lehenengo urteko
azkana hain laster heldu zan
etxera agindu nebazan.
Gero boskarren urtean
ez neban inor artean,
etxeko kutxan
dirua bazan
eta sarritan amari
bialdu neutsan ugari.
Egoten ginean sarri
euskaldunak guztiz larri:
heldu zirean
ordu txarrean
Cuernabaca-ko malantzak,
Espaņolentzat garratzak.
Bariaku gau batean
heldu jatazan atean
soldadu batzuk,
igonda zeintzuk
lotu nenduan sokakin
dedarrez: «Muera el Gachupin».
Ordurik hona kartzelan
bizi naz ez dakit zelan:
sarri ta askotan
daukat gogotan
kendu baleuste bizia
hain daukat bizi larria!
Espainiako Konsulak
alper daukaz gure ardurak,
Mexikon ez dau
ezer alkantzau
hain dauke Espaina gitsitzat
ze euren buruak handitzat.
Neure ama biotzekoa!
Non dozu orain Jaungoikoa,
alkantzetako
semeantzako
zeuk euki zendun indarra
hil jatzunean senarra?
© Eusebio Maria Azkue