A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
KARLISTEN PANPARROIKERIAZ
|
ARRATS IZUGARRIA! Serafin Baroja , 1880
Gorriak daude goiak urrutiraino ageri dan guzia gorria dago ta lurrak baino izutzen du zeruak azkoz gehiago. Argitan zabaltzen da zeru goibela ilargi gabe zer dohakabe! hodoiak su garretan balitz bezela ta infernuak balira gauaren jabe.
Arrats izugarria! Ordu tristeak! Nora begiak jaso, penen kupidan malkoz beteak, zeruak ere bada etsai baziran? Huri leial gaixoa garretan dana ta zeru gorrak, hagitz gogorrak, irabiatzen ditu berriz gugana elementen boladan suzko kanborrak.
Itsasotik sortuko lanbro dokaitzak burrunbadan igoak turmoi tartean ziran ekaitzak eta zartatu orduko, tximist kolpean hodoi gaineko labe sutu hartatik jasa ta ujola, eurizko errola, amiltzen zan lurrera, iduriturik isurtzen ote ziran sua ta odola.
Sua ta odol gorria! Naga ta ikara, sutunpadak, antsiak, hilkintza nonahi. Tximist dardara, biziak ta bizitzak, garren errakai ta ixil-ixil zihoan odol erreka karrikan behera itsas aldera, iturria gehiturik hilak taldeka ez bazetorren sua eragoztera.
Zeru-lurrak haserre... Ustez anaiak atzerritik ziranak gugana etorri ziran etsaiak. Nora bada begiak jaso ta egorri? Ez lur, ez etxe, ez esku, bihotz tristea noraganatu non anparatu. Burniz edo berunez laster hiltzea, noralderik onena zan aukeratu!
Gizon hordi taldeak askai likitsan etxerik etxe dabiltz lehian inoren diru irritsan, onraren zale, burniz pasatu ondoren arpegi eman duen aita, semea edo gizona hiltzen dagona, sentiturik batean agoni epea ta antsi triste larri bat deitzen diona.
Zaharrak, nahiz egon zaharrez hobiko atean ez ziran barkatuak, hain gutxi eriak, beren ohean hilak ziraden ume jaio berriak, gorde nahirik, gaixoak, amen kolkoan bien bihotzak burni zorrotzak urratzen ditu, ta amak hiltzerakoan igaro behar ditu laidozko lotsak.
Lotsa ta hilkintza...! Baina nora naiz heldu? Ez, herritar maiteak, ez det nahi zuen beta goibeldu. Gure asaben gaua gurtu nahi nuen, jarriaz begi aurrean haien kondaira, birtute haienak danik onenak, zer diran bizia utzi ta argi joaira beti ikusi zazkigun beren izenak.
Asaba zar gureak joanak mundutik Numanzitar errutsu haien modura bizia emanik, igo zinaten zuzen zeru altura! Jaunak bere saria dizute ematen ordu ezkero bai, errauts bero, martireak bezela igo zinaten sugar Donostikotik pasa ta gero!
© Serafin Baroja |
|