
Egile berarenak: HILBERRIKO IZPIRITUA (1999)
ITZALAREN SAKONEAN (2001)
IBAIAN BEHERA (2003)
PROUSTITUTA (2003)
DEUSEZA, ELIKAGAI (2010)
OTEIZAREN EBANJELIOTIK (2010)
CREDO IN LUCEM AETERNAM (2010)
|
|

HUTSUNEAREN HATSA
Pello Otxoteko , 2010
Hutsunea sarrera da, ezerezaren ezkaratza. Gure ezerezaren sarrera ahoan dugu, gorputz biologikoaren barrunbera garamatza. Eta gure barne izatearen sarrera begien hutsuneetan dago. Argiak kitzikatzen du betzuloen hutsunea, barne izatearen ezereza argiz betetzen dihardugu edo betetzen jardun beharko genuke.
Gure izatea ezereza da, argiz betetzen den ezereza duen hutsunea, argiaren ontzia gara eta izpi guztien arragoa.
Gure izatean, beste izateetan ez bezala, izarren argi-printzak hutsunearen hautsari buruzko gogoeta bihurtzen dira leunkiro ezerezari zentzua emanez.
Zentzumenetan islatzen da hutsuneani heltzeko grina. Baina zentzumen hauekin hutsunea bera atxikitzea ezinezkoa denez eskuetan dugu bost zentzumenen luzapena, hatz bat zentzumen bakoitzarekiko, bost hatz hutsunea osotzen ezereza etengabe harrapatu nahian. Betiere ihesi doakigun arren, ezerezari lurrunezko hatsa dario eta antzematera gara iristen, hutsunean.
Hutsunea ezerezaren ezkaratza da. Eta ezerezaren bidetik infinitura goaz, infinitua den osotasun betera.
© Pello Otxoteko
|
|