A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HILBERRIKO IZPIRITUA
|
ITZALAREN SAKONEAN Pello Otxoteko , 2001
Ez dut aurkitzen ene arrastoa estratetan zehar, ez dut nabaritzen ene lorratza ontzi atzean, ez dut igartzen ene gogoa bidean gora, eta bidexidorrik ez da bidegurutzez jositako andabide luzean, bizitza deituriko ildo sakonean, helbururik gabe, dena zuzen.
Eta izarren argi-puntuak lotuz ez ditut ene ahurraren ildoek xerkatzen dituzten ibiltokiak aurkitzen, baina badakit izan badirela eta eskuragarriak dira, kurba mirakulutsuen sekretua ez baita inola ere sakratua.
Mapetako kuadrikuletan ez ditut kausitzen arbolen adarrak gurutzatzean sortzen diren sare magikoen irteerak.
Ez da beharrezkoa itzala ebakitzea argia ikusteko. ltzala, urradura txikiz zarrastatu beharra dago, izpien estratak dastatzeko.
Ate gehiago badago eta mundu honetan daude.
Ez dut aurkitzen ene arrastoa estratetan barrena, ez dut nabaritzen ene lorratza ontzi atzean, ez dut igartzen ene gogoa bidean gora, eta nodo hautsirik ez dago atsekabez jositako sare iraunkorrean, bizitzaren madarikazioz pairaturiko nor-izate honen bataioa, kondenaturik dugun faltsukeriazko saioa.
Islen mundura ginen sortu, islen munduan ginen etorri, islen arnasaz gara bizi, islen begitan gara izan.
Ezerezean deuseza gara, ispiluen artean
ez baita ezer sortzen, kirtenkeriaren biderkadura baizik.
Kardilaun nahi nuke izan lorratzik ez uzteko, biderik ez jarraitzeko, argiari zeharrargitsu izan eta itzalik ez sortu.
© Pello Otxoteko |
|