A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HAUTSITAKO SOUVENIR BAT V
|
UHARTEAK III Martin Bidaur , 2017
Oskarbi, jantzien zirrikituetatik hezurretaraino sartzen zait hotza.
Jendea agertu da urrunean itsaso gainean oinez. Harrigarria da ilargi beteak gau itxia nola zulatzen duen. Berriro agertu da Santa Klara, Atlantis, urpetik gainazalerakoa egin berri balu bezala. Lurretik banandu zeneko garai ahantzietatik bere lekutik mugitu ez denaren ziurtasunez bete du paisaia.
Haizearen Orrazitik uharterainoko pasabidean zehar doa jendea, itsaso gainean ibiltzen.
Uharteari, itsaso gainean doan jendeari bizkarra eman eta begiak itxi ditut ostera. Nor naizen ere ez dakit dagoeneko. Ozta-ozta dakit non nagoen. Norbaiten zain egotera etorri nintzen hona, hamar urte atzera.
Orduan ez nekien zain egotera nentorrenik. Labirintotik ihes egin eta itsasora erori nintzen. Berriro zabaldu ditut begiak, badaezpada ere.
Erre usaina dator 1813ko irailetik, uharteko bidexketan jolasean dabiltzan gazteen garrasiak entzuten dira. Ez naiz itsaso gainean ibiltzeko gai, hondarretan orkatiletaraino eta uretan belaunetaraino sartuta uharterantz noa ni ere.
© Martin Bidaur |
|