A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ZURRUNBILOA
|
PUEBLO Jon Benito , 2010
1
Itzartu gabe askatu du ohetik amak anaia eta pijamaren gainetik jantzi dio jertsea. Aitak maletak jaitsi ditu Seat 124ra.
Neure kabuz, gurasoek esan gabe prestatu naiz, laster gaztea izango naizelako.
Gau da esnatzeko, baina izango dugula lotarako tartea, eta ez kezkatzeko.
Atea itxi aurretik hartu dut Stevensonen liburua: orain nik hautatzen dut zer irakurri.
Eguzkia indartu baino lehen komeni zaigu Tordesillaserainokoa egitea, hortik beherakoa iritsi beharrez egingo baitugu.
Autobidea ikusi dut ilunetan, beste kotxe batzuen faroak herria atzean uzten eta aitaren aurpegia erretrobisorean.
Betazalak astundu eta amona agertu zait sustraien manatuak gogoratzen.
Egunaren argiak ireki dizkit begiak: loak erreta dago anaia.
Ez ditut ezagutzen seinaleetan irakurri ditudan herriak. Ni ez naizen jendea bizi da paisaia arrotzetan.
Bidailagunaren eserlekutik burua biratuta, laster garela etxean esan du amak. Baina nola da hori posible? Denok badakigu urrun utzi dugula etxea.
2
Jendea ez da zuhaitza bere lurrari betiko lotzeko.
Anaiak bere neurriaren marka egin zuen ukuiluan. Oin bat hazi zen azken alditik. Zortzi urte zituen.
Ikusi arte ez nekien, ukitu arte ez nuen sentitu: larrea horia da eta belarra aiztoa.
Tioren Citroen Dyanean joan ginen behiei pentsua ematera. Tio esaten genion, nahiz eta ez izan aitaren anaia.
Han ere asunak heldu egiten zuen, han ere mina jan egiten zen. Baina han etxea ez zen gure etxea. Gu ez baikara hangoak.
Aitaren aldekoak bai, handik etorri ziren. Eta barruko ahots batek galdetzen dit: «Ikusten ote duzu zeure burua han bizitzen?». Iturria, herria erdibitzen duen errepidea, udaletxe plaza, Tormesaren hotza.
Asko aldatuko zen dena: ukuilua bota egin zuten garajea egiteko, burdin hesia jarri itzalpea babesteko. Horretan nekatu denak besterik ez daki zenbatetan aldatu duten teilatua.
Amonak hango hura zuen bere etxea, nahiz eta hemen bizi den memoria dudanetik.
Ahots batek galdetzen dit: «Eta han jaio izan bazina?».
Tiok zeukan apurra bertan utzi eta hona etorri zen azkena ematera. Amonak, inoiz esan ez zuen arren, ziur han lurpera zezaten nahi zuela.
Batzuk hemen bizi eta beti dira hango.
© Jon Benito |
|