A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
GAZTE HILTZERAT DOANA
|
LEHEN ETA ORAI Jean Baptiste Elizanburu , XIX. mendea
Izan nauk iparrera hego aldetik, Iguzkiko partera mendebaldetik, Eta ez diat ikusi guzien gainetik Inozentzia ainitz gizonen partetik. Abila hargatik Duk, egundainotik, Egin gabe deusik, Ederkiena bizi bertzen lanetik.
Munduan jarri huan injustizia Nagusitu zelakotz alderkeria. Zenbait abilek ez dik denbora handia Beretua zutela mundu hau guzia... Hik, laboraria, Eragin hazia Eta bil bihia? Abilentzako huan ogi xuria!
Aditu diat ere bazka onenak Ez zituela zaldi nekatzen zenak ; Oilo, oilasko eta oilanda gizenak Jaten ez zituztela hazten zituenak ; Janari finenak Arno gozoenak, Gauza hoberenak, Abilek zituztela iresten denak!
Sortzetik hiltzeraino, laboraria, Uztarripean huan hire tokia, Eta beti lanean higatuz bizia, Hirerik ez ukeian non pausa eria: Bertzena guzia! Zer injustizia Ikaragarria! Azienden herronkan hintzen jarria.
Hogoi mendez bedere hola munduan Gizona gizonaren esklabo huan. Abilek ezarria urrezko tronuan Bahuan bat errege guzien buruan. Haren inguruan Alferrak hituan Bizi deskantsuan, Eta gu lanarekin beti guduan.
Lagunak ez dute errex orai sinesten Jenden inozentzia nolakoa zen: Erregeren nahia baldin hala bazen, Miliunka zitian gizonak altxatzen, Armak harrarazten, Lerroak ezartzen, Gerlarat igortzen... Eta han inozentek elgar xahutzen.
Zinez zorigaitzeko denbora hetan Nolako miseria zen bazterretan! Pobreak biluzikan nonahi bidetan Hotzak eta goseak hilak erdietan. Zenbat ama, hetan, haurrak besoetan, Gaxoak herrestan. Alferrak libertitzen jauregietan!
Etorri huan bada noizbait orena Gizona herrestatik altxatu zuena, Eta porroskaturik gate zakarkena Bere gizon-dretxoak hartu zituena... Hau gure aitena Duk obra lehena Eta ederrena. Gizona esklabotik egin zutena.
Xoil ez dik ehun urte, lagun maiteak, Gizonaren herrunkan gure jartzeak. Lehen batzu nagusi, esklabo bertzeak... Irudi aita baten ez ziren umeak. geroztik jendeak handiak, xumeak, Aberats, pobreak, Lerro berean gaitik jarri legeak.
Ala dadin aberats ala pobrea, Gizona gizonaren duk haurridea, Eta gu gioratzeko bertzen apaltzea Gure anaiari duk laido egitea. Elgar aditzea Elgar maitatzea Eta laguntzea, Hori duk egiazko Jainko legea!
© Jean Baptiste Elizanburu |
|