Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
OHEA
(1919)
UDAZKEN
(1926)
NESKATX URDIN-JANTZIA
(1927)
BULTZI-LEIHOTIK
(1929)
URTE-GIROAK ENE BEGIAN
(1930)
PARISKO TXOLARREA
(1930)
EUSKO BIDAZTIARENA
(1931)
ASABA ZAHARREN BARATZA
(1931)
IZOTZ-ONDOKO EGUZKI
(1931)
ETXEKO KEA
Xabier Lizardi , 1932
Airean eder usoa,
mendi-mendian pagoa...
Etxe gaingorriak emana
kea dun ederragoa.
Basalurrez bidalari
ke urdina badut nabari
ai nire poza!, huraxe baita
gizalur ezagungarri.
Aurki, aldean, oiloa
maldan etzinik soroa
etxe zabal teilagorria,
aurrean intxaurrondoa...
Han dun bero, ta han dun bizi
Han, haur jolasen garrasi
Gauez, sutondora bilduta
eguneko lanen sari.
Nireganago, maiteño
aurki bata bestereino.
Amets!, inularreko izarra
zeruan piztu dedino
* * *
Eztai egunez, mahaiean
indi-oiloak sailean...
Ortzia bezin urdin, kea
teilatutik, bihurrean...
Leihotik, hogei baserri
mendiaren apaingarri
zenbait zabal ditun ageri
zenbait erdika nabari.
Batak besteak adina
ke guziek urdina
susmo ninan zeru goxoa
keok ote zen egina!
* * *
Maiteñoa zait hil atzo,
aretoan gorputz dago.
Leiho zabaletik mendia
haizeak eguzki giro.
Airean eder usoa
mendi-mendian pagoa
etxegainetan ederrago
biziaren ke mordoa.
Azti zitala belea,
herio-hondakin zalea
zerraldoa dagon etxetik,
hura bezin beltza... kea!
© Xabier Lizardi