ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
      (2007)

ELURRA ARITUKO BALU
      (2007)

HEMEN IZANEN BAZINA
      (2007)

ZURRUNBILOKA ITZULTZEN DIRA
      (2007)

HAIZE HEGOAREN AROAK
      (2007)

AMODIOZKO POEMA ESKAINIAK
      (2008)

EGUERDIA UQBAR-EN, ARRASTIRIA DONEZTEBEN
      (2008)

DE DREIT NIEN
      (2008)

FRONTOI ONDOKO KABINA
      (2008)

GELTOKI BAT SIBERIAN
      (2009)

TOUS LES DIRECTIONS
      (2009)

FRANKOTIRATZAILEAREN ARNASA
      (2009)

PEARL HARBORen ABESTIA
      (2009)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

I WILL SING A LULLABY

        Luis Garde , 2008

 

 

          ... pour faire la guerre Satan en votre royaume de Navarre.

 

 

Agidanez

beira, zementu eta berokuntzazko erraldoi horrek

kutxa gotorra eta liburua gordetzen ditu,

aitasoen guduetako gizandi baten antzera.

 

Igandeko ilunabarrean,

etorbideko elurra nekatuta ubelduz doa.

Karrika luzea hutsik ez balitz,

1917ko Petrogrado irudikaraziko lidake,

Carlos III.aren erresuma

Errusia Santua baino txikiagoa bazen ere.

Elurraren isilune trinkotua zolen azpian,

konkorturik nabil,

gure auzo hezeko espartindunak

hirigunean ibiltzen ohi ziren eran.

Ibilera nortasunaren agiriadateke.

Ia naziotasunarena: sentimendua edo itxurakeria.

Nire poema hau ez da sentimendua izanen.

Hori baino gehiago

            edo hori baino gutxiago beharbada.

Erraren nuke

elurra hiriaren ahantzialdia dela, edo autobusen planoa

paperontzietan hotzak zauritua datzala, edo udan ere

elurrak hiri honen izena estaltzen duela.

Espartindunen bilobak

garai batean oinez igotzen ginen hirirantz.

 

Aurrezki kutxak, Londresko enkante batean,

Leizarragak itzuli Biblia protestantea erosi zuen.

 

Gaur gauean hormatuko du.

Ez dakit

hotz hitza Itun Berrian idatzita dagoen.

Baiezkoan,

ordu txikitan zimurdura bat sortuko zaio orri hotz horri.

Espartindunen oin-plantak

eskuak bezain zimurtsu ziren.

 

Amatxik Argaren berde-belztasunean

itotzen zituen katakume jaioberriak.

Zaku arreetan, zubitik beheiti.

Gero, marraka ilun luze bat zen nire gaua.

Otsail aldera gainezkatzen zen ibaia.

Altzairuzko zubia ezin izaten zen igaro hirirantz joateko.

Behin urak joanda, ertz sasitsuak

trapu eta plastikoz inguratuak arakatzen nituen

katakumeen bila.

Oroipena baino gehiago;

sentimendua baino gutxiago.

 

Erraldoiak sakelan gordetzen du liburua.

Kutxa gotorra irekitzean

hareazko gaztelu baten hondarra aurki lezakete.

Hezetasuna, hotza, ahazmena

                            lankideak dira.

Eskura edukiko dute

          zera ziurta dezaten filologoek:

hau hieroglifikoz idatzita dago; ulertzerik ez,

lerro zoro hauek

inoiz gurea izan ez zen itsasoaren uhinak

marrazten dituzte. Atzen ezazue. "Olvidad,

oroimena minaren iturria baino ez delakoz".

 

Ortziral gauetan ito katakumeak

igandeetan karriketarat ateratzen dira marraka

elur gaineko bidexkak zuritu nahian.

 

"Petersburgo, oraindik ez dut hil nahi:

gordetzen dituzu nire telefonoen zenbakiak

non hilotzen ahotsak aurkituko baititut".

Horma beltzezko gau honetarako

Londresko sehaska kantu bat abestuko nioke

Joana Albreten liburuari:

Once there was a way

to get back homeward...

Sleep pretty darling, do not cry

and I will sing a lullaby.

 

Baina poema bat idatzi nahi nuen;

abestia baino puskaz gehiago

edo abestia baino hagitzez guttiago.

 

Ez dut ulertzen semaforoen alferrikako beharra

                              karrikak hutsik daudelarik;

maniki nekagaitzak

norentzat ari diren keinuka argi-itzalean.

Elurra, hemen,

galderen gabeziak sortutako zarata da.

 

Marraka ahulak itsasten zaizkie zolei.

Etorbidearen buruan, Gurutzadan hildakoei kupulak,

Albert Speeren dizipuluek diseinatuta.

Amesgaiztoetan eraiki arkitekturak.

Ia ederrak dirudite,

minarete arabiar irudikatuz geroz.

Haien porlanetan, preso espartindunen hatsa.

Harri zaharberrituan, hiri garailearen harrokeria lo.

1936ko Berlinen naiz.

Plaza hutsean, oihartzun argitsu bat dirdiran:

haur zoriontsuek utzi usain biguna.

Hiri irabazleko haur ilehoriak

(hiri irabazleetako haurrek

eguzki-printza bana baitaramate buruan)

irristaketan aritu dira urmael hormatuan.

Iluntzean pista hustu ahala,

hieroglifiko distiratsu bat

                                    azalduz joan da.

Astelehenak zer ekarriko dion inork ez daki,

gaurko aferez inor arduratuko den,

hormaren azalean

nolako labirintoak idatziko ditugun zerbait atzentzeko.

Kupulek elur betiraunkorra metatuz iraunen dute.

 

Hiri elurtsuetako gauak laranja kolorekoak dira.

Espartindunen auzoan izarrak sortu ahala,

balizko izenez izendatzen zituen aitak

nekeziaz baliaturik berezko konstelazioak sortuz:

"begira, hori Koldarkeria da;

ondoko bertze hori Etsipena;

fabrikaren tximinia gibelean sumatzen den nebulosa hark

Apalkeria du izena".

Hala zioen larunbat gauetan, galdategiko faroak itzalita

erran genezake...

Ez.

Hiri garaileetako elurraz idatzi nahi nuen.

Ez elurrezko poema liriko bat.

Gure aita inora edo inori begiratu gabe oheratzen zen

                                                                                ortziraletan.

Ez dakit bere loan

            bortz puntadun izar gorriak

edo katakumeen marrakak

            abaildura bezain luzeak bizi ote ziren.

Hau bezalako igande ilunabarretan jaikitzen zen, galdategiaren

                                                                                          faroak

                berriz pizteko.

Zerua laranja baten azal bikortsu bilakatzen zen berriz.

 

Elurrak,

elurraz aritzen diren poemetan gertatzen den bezala,

dena estali zuen:

baratzeak, lantegiak, ibaiaren gainezkaldiak, galdategia,                                                                          etxebizitza hura,

inongo etxerik,

inongo aitarena izan ez zen etxebizitza alokatu hura.

Hiri garaileak dirau

(errana dudala uste dut,

dirauten hiriak hiri garaileak direla):

ibaitik hegoalderantz elurrezko eskuekin

dorre berriak zabaltzen ditu

urrezko kupulak bezain harroak.

 

Erlijio guduetakoa zela diote;

Joana Albreten Biblia protestantea

erlijio guduen arma pisa euskaratu zutela.

Londresko enkantean erosi eta gero,

harekin zer egin ez dakitelarik

kutxa gotor batean gorde dute.

 

© Luis Garde    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa