
Egile berarenak: ASPALDI HONETAN (1994)
ETXEORRATZEK (1994)
BIHAR EURIA EGITEN BADU (1994)
ZER ZOR DIEZAIOKET (1994)
KATUEN AUTOPSIA (2007)
KEAREN ANATOMIA (2007)
NEKEA (2007)
ZALDIAREN BURUSI KISKALIA (2007)
KOADRO IZOZTU HONETATIK (2010)
ZIBILIZAZIOEN BISAIA DUTE (2010)
EZ DUT ULERTZEN ZERGATIK (2010)
GALDETU AL DIZU INORK NITAZ (2010)
|
|

GERRA GARAIAK IZAN ZIREN BEZALA
Asier Serrano , 2010
Gerra garaiak izan ziren bezala hemen izan ziren bake garaiak ere. Jendea berdin aspertzen zen igande arratsetan, bikotekidearen bainilazko izozkia nola urtzen zen begira. Etxe aseguruak anuntziatzen zituzten afixaz zeuden blindatuak geltoki finkorik gabeko autobusak. Balkoietan izara zuriak eskegitzen ziren lehortzeko, eta zer gerta ere, banderak lixibaz garbitzen. Debekatutako ekintzen zerrenda bat bazegoen, nahiz inork ez zuen dekretu osoa buruz ikasteko pazientziarik izan. Ez zen baimen berezirik behar apur bat suizidatzea erabakitzen bazenuen. Nekezagoa zen lanetik itzultzea lanera joatea baino. Zakurrek ez zituzten beraien kakak jasotzen, eta larrua beti ilunpean jotzen zen. Egun argiz errezatzen zitzaien katedraleko usoei. Ogi beltza prezio berdinean egosten zen labe publikoetan. Zebrabideek ez zeukaten ez garai batean ez bestean inongo zentzurik ez norabiderik. Eta inor ez zen ausartzen larrialdietarako zenbakia markatu ondoan bigarren tonua jo arte itxoiten, nahiz denek zekiten inork ez zuela bestaldeko telefonoa hartuko.
Badakit, kontua ez da gerra garaiak edo bake garaiak oroitzea, kontua da ahaztu egin zaigula noiztik bizirauten dugun bake armatuaren garai hauetan.
© Asier Serrano
|
|