A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ILHUNABARREZ
|
EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA Jon Mirande , 1950
(Aldi berean Ortzi euskal jainkoari zuzendu galde othoitz bat dena, zintzo ez den batek eginik).
Soin zabal, zalhu, txapeldun, euskaldun eta fededun, —handi baita— sudur mintzo, zintzo dira, o! Hain zintzo eta barnez oro zaldun... ...Nahiz arrunt den azala. (Izaitetik hek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
Ilhunean zeuden lehen Bainan JEL argia goihen, jautsi baita Euskadira, argiturik bizi dira ahalikan bizi dira ahalikan eta zehen demokrat onen gisala. (Argitzetik hek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
Jakintza badute anhitz atso, haur, eta zuhurt-hitz ba dakite politika, pilota, dantza, kantika, bai eta kantu ez likits. Leitzen dakite Misala (Leitzetik heiek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
Trebe izaiki tekhnikan joritzen dira Amerikan; haatik, han ere zintzoki elkartzen dira Batzoki abertzaleetan; ez bakan joaiten, han ere, elizala. (Joritzetik hek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
Aphezak eta auzaphezak benedikatu ezkontzak egiten dituzte bethi —ohetik landa hobeti dastatzekotan— aratzak diren neskekin, ontsala. (Ezkontzetik hek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
Bainan ahanzten zitzaitan hospatzea neurthitzotan heien jaunzdura jathorra, ongi zuritu athorra dute jaunzten igandetan, bihotzaren zuriz ala? (Zuritzetik hek bezala Ortzi jaunak zaint' nazala).
IGORTE:
Nola juduen baitzinen zintzo diren Euskaldunen Jaun zara, Jahve, gisala neu, zer ere zaitan jinen, zintzotzera hek bezala Ortzik utzi ez nazala.
© Jon Mirande |
|