A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
GORPUTZ HONETAN
|
BRUSELA EZ DA EXISTITZEN Oier Guillan , 2013
BIGARREN ESKUKOAK
Bigarren eskuko objektuak balira bezala saltzen dituzte oroitzapenak Waterloo kalean: iragan zatiak, zeinei memoria ukatzen zaien egunerokotasuna fikzioa denean.
Klandestinitatera derrigortu dut neure burua, bake aroan ere adi egotearren. Errealitatea fikziotik at asmatu, oholtzatik eta orri zuritik harago bizi den irudimena edo iraultza. Zigarro bat erre terraza hotz batean erretzailea izan gabe, unearen mapak ezbaian jartzearren.
Bulkada eramangarri honek manikien ezinegonari kantatuko lioke, plastikozko zurruntasunetik askatzeko urtaro berri bati: bosgarren urtaroari, plastikozko loreen sasoiari.
GHETTO
Txotxongiloen kanposantu bat behar du hiriaren plano honek. Europaren bihotza dioten lekuan Matonge auzoa da taupada posible bakarra, Afrikako zauria den kalea, dantzarako prest dagoen asteguna. Ileorde horiak harrotasunaren seinale, la vie est belle oihukatzen duen emakumea gerri mugimenduan izoztua. Jela iluna da hemen, azalekoa, arriskutsua bezain liraina. Zuritasunak begiak itotzen ditu arrazakeriaren kontrako larderia ahoskatuz alkoholaren ertzetik, ehun eta hogei kilo odol listua kolonizatzeko prest. Baztertuen leinukoa naiz gaur ere, periferia samurren baitakoa, ahozko literatura beltzaren ezpalekoa. Etxean nago une batez hemen.
HETERRORISTA
Terrazaren aurretik pasatzean ezpainetan pausatu du kea, niri so. Geyper Man honen zurruntasunak ez du jakin soka tenteen laguntzarik gabe zakiltzen. Komun estuen free land bat atxikirik darama ahoan, isilik, heterorrista naizenetz zalantzan. Ez dut aberria aipatu behar izan ez diren lekuetakoa nagoela aitortzeko.
© Oier Guillan |
|