A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
BERDIN DA MENDEBALDEA ETA EKIALDEA
|
REDAKZIOAN Felipe Juaristi , 1986
Gustatuko litzaidake lanordu guztiak zurekin konpartitzea. Elkarri zuzendutako edozein zeinuk estaliko lituzke lanaren asperra eta pisua, mututuko idatz-makinen zarata ritmikoa. Parra egingo genuke, teletipoek beren martxa monotonoan jarraitzen zuten bitartean, biharamonean inon agertuko ez ziren notiziak komentatuz eta tarte hori «Aizu, irakurri hau» aprobetxatuko genuke bestearen eskua ferekatzeko. Elkarrenganako begiratuek adieraziko lukete airean iragan gauaren magia eta nekea.
Eta despistatuko bazina aurpegian errotuladore gorriaz marraztuko nizkizuke izar ahaztuen mapa edo Lawrence de Arabia galdu zen oasirako bidea. «Zuk ere atzo zure ezpainen arrosaz margotu ninduzun» esan eta alde egin teletipoek kanpaia jotzen zutelako. «Hara, beste estatu-kolpe bat Trapisondako erreinuan» «Zenbat mosu sartzen diren masail batetan eta zenbat aho gorputz biluzi batetan jakiteko zen, gero kontu-koadernoan zenbatzeko» erantzungo zenidan.
Eta atsedenaldian salto batetan jeitsiko ginateke kafea hartzera, bidenabar relajatzera egunerotasunak arratsaldeko seiretan zorabiatzen gaitu eta. Bakoitzak azalean edo larruan besteak utzitako markak errekorrituko genituzke.
«Hemen musukatu ninduzun eta ez da berriz eguzkia sartuko» «Lur konkistatua izendatzen dut orduan» eta zurrupada batez kafea irentsi, inongo nazio batetan ez dakit zenbatgarreneko gerra piztu zelako. Idatz-makinari eragin, kea sortuz. «Zure begiek bai gerra piztuko luketela eta Ekialde Mendebalde arteko oreka airean jarri» pentsatu. Eta inkonsziente nazioarteko kronikan idatzita utzi.
Hurrengo goizean titularretan jakin zenezan zutaz pentsatu nuela, eguna hil zen arte.
© Felipe Juaristi |
|