A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
ABIOIEN ISATSEK AIREAREN ESKELETOA DIBUJATURIK
|
AULKI HUTSA Koldo Izagirre , 2006
Ez nion jaramonik egiten leihoan jotzen zuen paisaiari nahikoa lan neukan irakurketa eten gabe jarraitzen badakizu zeinen dibertigarriak diren gure trenak ez zitzaizkidan asko ardura sanjose loreak eta mimosak edo atzekoen solasa eta aitzinean neukan aulki hutsa
kaixo esan zidan edo hala esan zidala idazten dut orain jaso nuen burua liburutik eta liburua burutik joan zitzaidan kendu nizkien begiak hitzei eta bekoz beko neukan gazteari nizkion eman baina neskak ez zidan behatzen liburu bat aterea zuen eta hari ere ez zitzaizkion ardura ez gure mendiak ez ni
laster gure alaba zu bezalakoa izanen da pentsatu nuen neska polita zen eta begietan bizkorraren distira zeukan nik begiak ikusten ez nizkion arren banekien bazekiela begiekin barre egiten gure alabak egiten dakien bezala laster gure alaba zu bezalakoa izanen da pentsatu nuen
itxi zuen liburua aharrausi egin zuen altxa egin zen adio esan zidan edo hala esan zidala idazten dut orain Zumaia zioen geltoki batean jaitsi zen ziur nago badagoela herri bat Zumaia izenekoa nonbait eta perfekzio guztiak eman nizkion neska bat munduan
neska munduan ezkutatu zen eta trenak aurrera jo zuen ez dakit zergatik gelditu nintzen aitzineko aulki hutsari beha laster gure alaba gazte hura izanen zela pentsatuz munduan beti egonen da maite duguna oroitaraziko digun zerbait garamatzan trena adibidez aulki huts batekin gure aitzinean
© Koldo Izagirre |
|