Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
(2007)
ELURRA ARITUKO BALU
(2007)
HEMEN IZANEN BAZINA
(2007)
ZURRUNBILOKA ITZULTZEN DIRA
(2007)
HAIZE HEGOAREN AROAK
(2007)
AMODIOZKO POEMA ESKAINIAK
(2008)
EGUERDIA UQBAR-EN, ARRASTIRIA DONEZTEBEN
(2008)
I WILL SING A LULLABY
(2008)
DE DREIT NIEN
(2008)
TOUS LES DIRECTIONS
(2009)
FRANKOTIRATZAILEAREN ARNASA
(2009)
PEARL HARBORen ABESTIA
(2009)
GELTOKI BAT SIBERIAN
(2009)
FRONTOI ONDOKO KABINA
Luis Garde , 2008
Igande honetan ere belztua azaldu da.
Utzi zuten kristal soiletik
"FAXISTAK" digu oihukatzen ibiltariei.
Ekuadortarrak (dominikarrak?) hurbildu ahala
itzuli egiten dira, txartel isila sakelan.
Pilota hormaren kontra joka aditzen da.
Ezaguna, bakarra egiten zait
frontoi honetako oihartzuna.
Doneztebeko telegrafista zaharrari
tximista batek,
agian jainko jeloskor batek,
telegrafoa hondatu zion berrogeiko hamarkadan:
kobrezko hariak soildu
eta hatz-mamiez irakurtzeari ekin zion.
Doluminak, bataioak, izendatzeak, kargu uzteak
edo estatu kolpeak
bulkada elektrikoak ziren bere esku zimurtuen artean.
Igandeko egunkari lodia
igandeko ogian
igandeko berriak inprimatuz doa kabina beltzari beha nagoelarik.
Gehigarriak astrofisikarien biltzar bat aipatzen du;
zergatik denboraren gezia etorkizunerantz doan
eta ez iraganerantz eztabaidatzen ari dira.
Egunen igarotzea
polizia nobela bezain irakurgarria dela irudikatzea
aringarria dateke anitzetan.
Gibeletik aitzinerat itzultzean,
errudunaren hatz-aztarnak
lehenengo orrialdeetan berrikusgarri dira.
Baina atzo hildako lagunaren herenegungo keinuetan
histura igarlerik ez da aurkitzen.
Aldiz aldi,
etorkinen etxeetako balkoietan eseki arropa
irakurtzera jostatzen naiz;
hauts izpien zarata
tabernako botilen garrean pausatuz aditzen saiatzen naiz;
hatz-aztarnen erliebeak litro bat argi kristalduan ikusi nahi dut;
isilarazitako izenak asmatu,
gobernuak jarri berri dituen letrero elebakarretan.
Jokoak joko,
zer-nolako zeinuak helduko diren jakiterik ez dago;
leitzeko era berriak
edo argudioaren zatiak ordenatzeko bide ezberdinak
asmatu beharra dago. Bertze molde batzuk.
Nahigarria litzateke etorkizun zeinuak
zezelak eta behin-behinekoak izatea;
hatz-mamiez irakurgarri
eta ondorio itzulgarridunak;
ez jainko itsu baten dekretu senilak.
© Luis Garde