A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
|
HAIZE HEGOAREN AROAK Luis Garde , 2007
Birraitatxi gerrillari joan zenean semeari erran zion: Erlijioa eta Foruak arriskuan daude. Egunen batean, gizontzen zarelarik, ulertuko duzu. Haize hegoak begiak gorriztatzen zizkion. Sei urteren buruan aitatxik egunero plater bat janari kartzelarat eramaten zion. Bere aitak ziegako leihatilatik begiratzen zuen nolaz urriaren usoak urrezko iratzeetaraino jaisten ziren. Oihuka eskatzen zien zizpa presozainei.
Aitatxik birraitatxiren pistola herdoiltsuak ganbarako kutxatik hartuta gerrarat abiatzean semeari: Lege zaharrak defendatu behar ditugu. Bizimodua, ogibidea, etxea. Heltzen zarenean ulertuko duzu haize hegoak ezpainak erreta. Errege ezezagun baten alde hiru urtez borrokatu eta gero etxaldea sutan aurkitu zuen. Ezkilen hotsarekin batera ke urdina zeru hutserantz igotzen zen galdera-ikur mugagabea bailitzan. Etsaien armadan erroldaturik teniente gradua onartu zioten.
Aitak aitatxiren fusilak sorbaldatik zintzilik fronterat abiatu zen. Zalditik erran zidan: Elizak erretzen ari dira. Saia zaitez gizon izaten. Egunen batean ulertuko duzu. Zeruan hegazti saldoak nora ezean haize hegoak herratuak.
Haize hegoaren olatuek oroimena jotzen dute; aroak badabiltza, defenda ezazu aberria. Horrela badakit iragana aurreikusten. Horrela etorkizuna errepikatzen dut.
Zirkuluka biratzen da haize sukarduna. Zaldi urdinen irrintzia gelditu ez zeneko gaua oroitzen dut.
© Luis Garde |
|