A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
|
DE DREIT NIEN Luis Garde , 2008
Farai un vers de dreit nien. Ezdeusaz eginen dut ene poema. Argitaratu eta galdu nuen poema haren oroipenez eta ahazteez baliatuko naiz.
Gazte aldizkari baten Eguberri alerako eskatu zidaten, "badakizu, kontsumismoa-eta". Erraz idazten da poema didaktikoa. Irakurtzean, ordea, hitzarmena ez da betetzen: egun, harriaren bortiztasuna paperezko harrian datzala sinesten dela itxurak egitea gehiegi hitzartzea izan daiteke. Aiseago eraginen luke enbata Pekingo tximeletak hegalak astinduz auzoko igerilekuan.
Irudi batzuk zirriborratu ondoren, Belaterantz abiatu ginen lera berria frogatzearren. "Zergatik margotu dituzte zuriz zuhaitzak", itaundu zuen Idoiak gibelerako ispilutik. Hiru urte eta negua ezagutzen hasi da. Haren esaldiarekin zerbait egin nezakeela hausnartu nuen, baita elurra uraren loa dela, sobera geometrikoa betegintzarrean. Ez da edangarria ur kimikoki purua. Esaldi honen oihartzunak gogoratu nituen: "Albania, gizaki berriaren lurraldea". Ur lo kristaldua. Arkitektura perfektuek ez dirudite bizigarri. Zerbait hiltzen da (zerbaitek hiltzen du) bizitzeko ez egokiak diren dorre erraldoi horietan; ezustekoaren dardara falta da hiri berriaren harresiak nola eraikitzen erakusten zizkiguten gidaliburuetan. (Hitz hauek tekleatzen ditudan bitartean, Idoiak paperezko aterkiak moztu ditu. Eskuak zabalik dakarzkit: zeru aratzagoa dakusat).
Poema bat idatziko dut bertze poema batzuen hondarrak konbinatuz. Hitzezko sareekin hitz soilak ehizatuko ditut. Bazen behin etxeratu behar gintuen amets bat. Ametseko mapa borobilak ametsa bera gertatu ziren. Eldarnioaren eskualdea dela diote orain. Gure arrebak (oroit naiz) ohatzepeko kartoizko kutxan bere nabigazio kartak ezkutatzen zituen: biblia-paperezko Obra Osoak, Stalinen Nekazaritza Komisarien bortzurteko plan ezinezkoak, Komite Zentralaren Idazkaritzarako txostenak; "proletalgoaren garaipen zientifikoki atzeraezina" bezalako otoizlaburrak gorri dardaratiaz azpimarraturik. Diamante erorkorrezko poema didaktikoak. "Egutegien ur istildua", diote egun.
Gure arrebak uste zuen hitzak Pekingo tmmeletaren hegalen oihartzuna direla, hitzak berriz euriaren oroimena direla azaltzen zidan. Ez zuen sintesirik aurkitu izan.
Gure arrebak, oroit naiz, Liburu Gorrian arrosa-hosto ubelduak zeuzkan: bi aldiz klandestinoak. Ezkutuko gauak telefono beltzaren ertzean lerratzen ziren: "Nork sartu dizu buruan zoriontsu izan behar duzula?", zioen Komite Zentralaren Idazkariordeak?, "Ez ote dakizu...?". Urte anitz geroago jakin nuen "Nola bururatu zaizu zoriontsu izan behar duzula?", errepikatzen ziola Osip Mandelstam-ek Nadiezhda-ri biak deserrirako trenean eserita, Paradisua, Purgatorioa eta Infernua balizatxo gris batean zeramatzatelarik.
Gure arrebari, begien azpian, goiz elurtsu baten bazterretan, arrosa urdinen hostoak sortu zitzaizkion. Eta masailetan, uhartea galtzen duen txalupa baten uhara. Ur ernea.
Eskatu poema hartatik gogoratzen dudana: Ioshua eta Hoxha izenak nahasiak; Idoiaren lera gorria maldan beheiti; elurrezko panpinaren irria iluntzean distiratuz. Urruntzen gindoazelarik, Belateko gazteluaren hondakinak kristaltzen ari ziren gure begiekin batera.
Gauak elurraren argia ezkutatzen duela idatzi zuen inork, isiltasunak hitzen metala gordetzen duen eran: oraindik ere entzungarri dateke Mandelstam Nadiezhda-ri erranez: "Zertaz zara kexu? Herri honetan bakarrik errespetatzen da poesia. Soilik hemen hiltzen dute poema batengatik". Joko aringarri baten aurkakoa.
Arrebak eta biok hegal zuridun tximeletak oroitzen ditugu oraindik. Hitzezko sareekin, Ezkabako masaletan ehiztari, hegalak kentzen genizkien: hatzen artean hauts bihurtutako argia.
Poema hura postontziratu zen. Poemaren hegalek ez omen zuten auzo honetako haizea ezer askorik irauli. Ez nuen j aso zeharkako begiradarik; inongo irakaslek ez zidan erran "ez deritzot nerabeentzako egokia"; inongo gurasok ez "mindu nauzu ene fedean". Bidasoako inongo ninfulak ez zidan galdetu "zein zen Hoxha hura?, zein bere ametsa edo iruzurra?".
Egina dago nire poema; zehaarako ez dakit. Fait ai lo vers, non sai de cui.
© Luis Garde |
|