A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
|
FRONTOI ONDOKO KABINA Luis Garde , 2008
Igande honetan ere belztua azaldu da. Utzi zuten kristal soiletik "FAXISTAK" digu oihukatzen ibiltariei. Ekuadortarrak (dominikarrak?) hurbildu ahala itzuli egiten dira, txartel isila sakelan.
Pilota hormaren kontra joka aditzen da. Ezaguna, bakarra egiten zait frontoi honetako oihartzuna. Doneztebeko telegrafista zaharrari tximista batek, agian jainko jeloskor batek, telegrafoa hondatu zion berrogeiko hamarkadan: kobrezko hariak soildu eta hatz-mamiez irakurtzeari ekin zion. Doluminak, bataioak, izendatzeak, kargu uzteak edo estatu kolpeak bulkada elektrikoak ziren bere esku zimurtuen artean.
Igandeko egunkari lodia igandeko ogian igandeko berriak inprimatuz doa kabina beltzari beha nagoelarik. Gehigarriak astrofisikarien biltzar bat aipatzen du; zergatik denboraren gezia etorkizunerantz doan eta ez iraganerantz eztabaidatzen ari dira.
Egunen igarotzea polizia nobela bezain irakurgarria dela irudikatzea aringarria dateke anitzetan. Gibeletik aitzinerat itzultzean, errudunaren hatz-aztarnak lehenengo orrialdeetan berrikusgarri dira. Baina atzo hildako lagunaren herenegungo keinuetan histura igarlerik ez da aurkitzen.
Aldiz aldi, etorkinen etxeetako balkoietan eseki arropa irakurtzera jostatzen naiz; hauts izpien zarata tabernako botilen garrean pausatuz aditzen saiatzen naiz; hatz-aztarnen erliebeak litro bat argi kristalduan ikusi nahi dut; isilarazitako izenak asmatu, gobernuak jarri berri dituen letrero elebakarretan.
Jokoak joko, zer-nolako zeinuak helduko diren jakiterik ez dago; leitzeko era berriak edo argudioaren zatiak ordenatzeko bide ezberdinak asmatu beharra dago. Bertze molde batzuk. Nahigarria litzateke etorkizun zeinuak zezelak eta behin-behinekoak izatea; hatz-mamiez irakurgarri eta ondorio itzulgarridunak; ez jainko itsu baten dekretu senilak.
© Luis Garde |
|