A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
EZINTASUNA
|
ZAURIA ETA ORBAINA Jon Gerediaga , 2007
Axolagabe zara gerezi beste inork gerezi izaten jakingo ez lukeen bezala. Airea zure hostoetatik paseatu eta badakizu letania moduko soinuak egiten baina ez dizut, ez, hitzik eskatuko. Antza zure adarrek buruarekin baietz eta ezetz diote eta badakizu konfesorearen plantak egiten baina nire adjetibo hutsalen oihuek ez dute zure oihartzunik espero. Zure enborraren korapiloek agureen sasoi makal eta gozoen berri daukate baina sufritzeko eta maitatzeko gaitasunik ez dut zure zimurretan bilatuko. Mutu eta axolagabe gerezi izanez nahiko ematen didazu utzi gainontzekoa nire esku eta jakin ezazu aurrerantzean zure materia gormutuak eta nire harridura ikurrek gure artean zabaltzen duten zauri nazkagarria, jasangaitza nire odol loretsuaz beteko dudala nik egingo zaitudala eder nik egingo zaitudala hiztun, entzule, sentikor nik esango dizudala gu, gu gara ez zaitezen gehiago nigandik urrundu behin betiko ahaz dezadan hutsaltasunaren argi zurbila, higuina ez nadin berriz txiki eta arrotz senti zu eta biok garen gure antzinako etxe zoragarri honetan.
© Jon Gerediaga |
|