A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
METRAILETEN MUGAK
|
EZTA HAZIA EREITEKO ERE Hedoi Etxarte , 2012
Bat egin. Bat argitaratu. Bat ordaindu. AZ kazetariari piezaka ordaintzen dizkiote artikuluak. Ez dago, noski, egunkariko langileen zerrendan. «Orain aske zara, nahi bezala antolatu zure ekoizpena» esan zion pertsonal-buruak erredakziotik botatzean.
Hilabete geroago AZ kazetariari iruditu zitzaion: «Gaur egun aita bananduek ezin dituzte seme-alaben opariak hartu, jatetxe goxoetara eraman eta mahai azpian ezkutatu; ezin dute haien errua ordaindu edo errebolta kulinariorik erakutsi hanburgesategi eta pizzerietan».
AZ kazetariak telefono konpainia aldatu zuen. Oso ona zen ordura arte eduki zuen eskaintza baina tratua amaitutakoan garesti ordaindu behar zuen: «Berdintasun teknikariek, epaile jaun-andereek, gaizki txortatutako herritarren ordezkariek, politikoki zuzenaren prokuradoreek, erdi mailako koadro polimili ohiek harresiaren bestaldera bidali dituzte aita bananduak. Eta gainera, nonbait, telebistak dioenez, gizonezkoak ez du hazia ereiteko ere balio».
Principal Antzokiaren sarrera gelan LS jaunarekin topo egin zuen AZk. Ilaran zain zeuden biak. LS jauna AZ kazetariaren emazte ohiaren senar ohia zen. Txandak astiro egiten zuenez aurrera, AZ kazetariak esan zion: «Gizonezkoak bortxaz bakarrik omen daki eta bera da gerra eta gaiztakeria ororen erantzule behinena. Ankerkeriak egiten dituen emakumezkoa, aldiz, gizon-guran ari omen da». AZ kazetaria ez zen arrats hartako ikuskizunerako txartel bila joan: «Orain seme-alabek ez dute aitarik nahi».
LS jaunak zaplatekoa jo zion bizkarrean, koitoan zakila makaldutakoan jo ohi den gisan, «ez da ezer gertatzen» esaldiak «ez dakigu zer baina larria den zerbait gertatzen ari da» adierazi nahi izaten duenean bezala.
LS jaunak banandu ostean ez zuen bizitza berregin behar izan, aurretiaz ez baitzitzaion apurtu. Sasoi hartan LS jauna igandeetan Armentiara joaten zen paseoan. Hiru tradizio dira nagusi Gasteizko oinezkoen artean: Armentiara doazenak, Olarizura doazenak, Salburuara doazenak.
© Hedoi Etxarte |
|