A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
METRAILETEN MUGAK
|
ATZERRIAREN HEDADURA Hedoi Etxarte , 2012
Jon Errekalderentzat hedadura zabalegia zuen atzerriak. Horregatik jaitsi zen trenetik Irunen Hendaian ordez. Eta tokiko prentsa arrotzez eta beste oximoron batzuez mikaztuta edan zuen kafea Pasaiako garabiei begira. «Eta ni zure doako prostituta» jaulki zuen orduan. Buruan zuen esaldi hura ez zen berea. «Esaldiak ez dira gureak» esaten zion sarritan Nekane Muruak.
Behinola Nekane Muruari oharpen bat egin zion Jon Errekaldek: «Euskal Herrian, Errusian legez, burgesek ez dute haien betekizun historikoa burutu, eta Leninek etsenplutu zuenez negar egingo dugu Beethovenen piano sonatekin kantinako gramofonoak ildoa zeharkatzean». Nekane Muruak ahuspez errepikatu zuen: «Burgesek ez dute haien betekizun historikoa burutu eta guk geuk egin beharko dugu haiek obratu gabekoa».
«Poesia non eta noiz erabili jakin behar da» esan ohi zuen Nekane Muruak. Harako egun hartan ez zion halakorik esan behar izan Jon Errekalderi. Oso egokia zen Beethoven. Oso egokia zen kantina. Oso egokia zen gramofonoaren ildoa.
Baina atzerriak hedadura zabalegia zuen Jon Errekalderentzat. Sutondoa uhinetan aurkitzen zuen. Goiz hartan Euskadi Irratiko prentsa irakurketa gurutzatuan Vocento taldeko euskal egunkarietan bost zutabera albiste bera zetorren. Alegia, hiru probintziano, kafetegi ia guztietan eskuragarri. Eta beste oximoron batzuk ere bai.
Jon Errekalderi ez zitzaion ez goizegi ez beranduegi iruditu. Hura ez zen lekua ez eta momentua ere. Pentsa! Besteok ere Santo Domingo azokan behar genuen ordurako, itsu bati puntuz eginiko xala nola oparitzen zioten ikusten.
© Hedoi Etxarte |
|