A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
METRAILETEN MUGAK
|
HAU EZ DA ALIANTZA TAKTIKOA Hedoi Etxarte , 2012
Jomugan zaituztegu, zibilizazioen eta herrien arteko guden sustatzaile erreboltariak!
Elkarren etsai garela antzeztu dugu eta hala izan ez dela dioenak osteratxoa egingo du epaitegira adierazpen errebisionista egiteagatik.
Ez dugu geure jokoa ulertu nahi izan: batzuek garagardoa hatsean eta besteek kafea, batzuen freskagarria besteen ron-kola. Beltzez estaltzen dugu lepo gainekoa batzuek, lurrin eta makillajez apaintzen duzue besteek.
Geure buruetan dagoena ikusten duzuenez ez dugu ezer ulertzeko ahaleginik egin, jakin ez zenezaten azken unera arte egingo genuena. Irrati formulak entzuten ditugu eta piraten uhin enkriptatuek xehatzen dizkigute hitzak, dubstep epileptikoekin zapaltzen dugu mahatsa eta bizarra egiten digute harizko laukoteek.
Begi-puntuan zaituztegu, pedantekeriaren aurkako populistak!
[A-ANTI-ANTIGAFAPASTISTAK!]
Duela hogei mende San Jose plaza habitatzen genuenok edo duela hogei minutu heldu garenok berdin egiten dugu garrasi, 700-euristen eskuez sakelakoetako dezibelioetan rap azpiproletario yankeea entzutea laket dugu.
Pedofiloak gara. Eta gerontofiloak. Gurtu egiten ditugu poligamo asexualok: Malcolm eta Maradona, Keny eta Karl, Dj Msn eta Manfred Mann.
[EZ DUGU PASTEL ZATI BAT NAHI, PASTELDEGI OSOA NAHI DUGU!]
Hau ez da aliantza taktikoa, talde bera dugu osatzen. Zelula bakoitzean haragitzen ditugu abangoardia eta erretagoardia: koadroak gara, liderrak eta ardiak; dominatzaileak eta dominatuak. Berdin janzten gara, baina ez ezberdin izan nahiaren dinamikak puntu berera helarazi gaituelako; aurrekontuak eta konbikzioak batu gaitu, burua estaltzeko daramagu kaputxa eta izerditan gaude kapusaiaren azpian.
Zerrendan zaudete, hiperklasetarrak eta 3.000-euristak!
Eta paperetan egotearen beldur dena ere trenean sartuko da: Maximilien da gurekin. Zerbitzariak, komun garbitzaileak, maisu-maistrak, arratoiak gara. Eta katuak.
© Hedoi Etxarte |
|