A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
METRAILETEN MUGAK
|
GAURKO AFARIA Hedoi Etxarte , 2012
Langileak, bakarka, nire atsegin guztia du. Ez dagokion horretan parte hartu eta matxinatzen denean, ordea, esaten diot: geldi hor, anai-arreba, ez duzu arrazoirik. Langilea zara, beraz lanera. Greban bazaude eta lanik ez baduzu egiten, jada ez zara langilea, tipo arriskutsu bat baizik. ARTURO UI
Bada jendea uste duena hondamendia dela ETA(m)ren ekintza armatuak bukatu izana bizkartzainak langabeziara joanen direlako. Frantzian 1946an Poloniarako eremuetara zihoazen tren-gidarien desagerpenak langabezia igoko zuelako kezkatu zen jende bera da.
Bada jendea kexatu dena EHUn irakasleek tutoretza orduetan inbertitzen duten denbora neurtzeko sistema instalatu dutelako. Duela lau urte atezain, informatikari eta fakultateko langile teknikoentzat sistema bera instalatu zutenean kexatu ez zen jende bera da.
Bada jende diruduna egunkarietako zutabeetan beheko klasearentzat idazten duela dioena. 1872an Eskoziako oihal-fabriketako umeei gauez zopa ematen zien jende bera da —egunez goikoentzat jertseak egiten hil ez zitezen elikatzen zituzten—.
Bada jendea sumintzen dena ETA(m)k Benjamin Atutxa jaun sozialdemokrata erail nahi omen zuelako. Benjamin Atutxak enpresa pribatuak sustatu behar direla, funtzionarioen kopurua gutxitu behar dela eta de facto milaka langile euskaldunen bizitza itxaropena hamar urte jaitsi behar dela dioenean txalotzen duen ia jende bera da.
«Murrizketak egin behar dira» esan du Benjamin Atutxak. Eta gero jarraian: «Abiadura Handiko Trena egin behar da». Txalo egin dio trenaz baliatuko den jendeak. Herritarren ehuneko laurogeita hemeretziak ezingo duela erabili dakien jende bera da.
Bada jendea egongelako leihoa ixten duena kalean grebalariek, langabeek edo prekarioek txistu eta karranka egiten dutelako kontsignak eta exijentziak aldarrikatzen. Eta egongelako jendeak pentsatzen du «astunak» edo «betikoak» direla. Ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan jatetxe eta dantzalekuak garrasi hanpatuekin leporaino betetzen dituen jende bera da.
Horixe da gaurko afarira etorriko ez den jendea, ordurako ahoa belarrez beteta izango duelako Marcelino Orejak izan zuen bezala.
© Hedoi Etxarte |
|